Hustu dute Agustindarren eraikina eta udalak La Sirena ireki du 60 lagunentzat
Martuteneko Agustindarren eraikina husten ari ziren unea.Xalba Ramirez Aurreikusita zegoen moduan, gaur hustu dute Martuteneko Agustindarren eraikina. 9:30erako zegoen antolatuta dispositiboa eta, ordurako, etxetik alde egin dute ia 111 lagunek. Hiritarron Harrera Sareko eta beste hainbat eragiletako kideak bertaratu dira, laguntza eskaintzera.
9:30ean, izugarrizko polizia dispositiboa iritsi da aparkalekura. Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Espainiako Poliziaren dozenaka furgoneta eta auto. Ordurako, bi lagun besterik ez zeuden bertan. Ertzaintzak identifikatu eta Espainiako Poliziaren esku utzi ditu, Atzerritarren Legea betetzen zuten edo ez ikusteko. Horren ostean hasi dira eraikina ixteko lanak.
IRUTXULOKO HITZAk baieztatu duenez, Donostiako Udalak 84 lagun identifikatu zituen eraikinean –Harrera Sareak baino 30 gutxiago–, eta horietako hirurogeiri eskaini die ostatu, Ondarretako La Sirena aterpetxean. Ordea, 48 dira soilik gaua bertan pasa dutenak. Udalaren iturriek ziurtatu dutenez, “beste hamarrentzat tokia zegoen, baina ez dira azaldu, momentuz behintzat. Ez dugu baztertzen gaur egunean zehar azaltzea, edo hurrengo egunetan, beraien egoera ezagutzen baita eta onartu zaielako baliabidea”.
Udalak nabarmendu duenez, La Sirenakoa “ez da batirako baliabidea”, baina oraingoz ez zaie eperik jarri. “Ideia da insertziorako bide horretan, pixkanaka ateratzen joatea, bakoitzak ahal duenean”, zehaztu dute. Harrera Sareak urrats hau positiboki baloratu duen arren, kritika egin du irizpideak argiak ez direla salatuz.
“Baldintza bera duten bi pertsonen kasuan, bat onartu dute, eta bestea ez. Zer egingo dugu berarekin orduan?”, galdetu dute. Izan ere, nabarmendu behar da, herri eragileetako boluntarioak izan direla, gaur, bertan zeuden pertsonak artatzen zituzten bakarrak. “Baliabiderik ez dagoela diote, baina zenbat kostatu du gaurko dispositiboak? Diru horrekin zenbat lagunen irtenbidea ordainduko litzateke?”.


