Donostia F.C., koroarik gabeko garai txuri-urdina
Izen eta armarri desberdinak izan ditu Realak, 116 urteko historian. Aldaketak aldaketa, egungo izena eta ikurra da ezagunena. Ordea, klubaren izana bestelakoa da. Esaterako, Espainiako II. Errepublikan gertatu zena.
Donostia F.C. taldea Atotxan, Real Unionen aurka jokatu aurretik, 1932an. Ricardo Martin/Kutxateka Erreala dela diote oraindik batzuek, baina euskarazko izen zuzena Reala da. Dena dela, 1909an sortu zenetik, zazpi izen ofizial izan ditu: Sociedad de Foot-ball (1909-1910), Real Sociedad de Foot-ball (1910-1931), Sociedad de Foot-ball (1931), Donostia Foot-ball Club (1931-1940), Real Sociedad de Foot-ball (1940-1941), Real Sociedad de Futbol (1941-1992) eta Real Sociedad de Futbol, S.A.D. (1992-gaur egun). Eta, noski, beste horrenbeste armarri. Anoeta futbol estadioan duela gutxi berriz jarri dutena da egungoa eta erreala.
Klub txuri-urdinaren 116 urteko historia azaletik errepasatu ordez, Espainiako II. Errepublika garaiari erreparatuko diogu. Izena aldatu eta armarriari koroa kendu ziotelako, besteak beste. Kirol mailan, garai petrala izan zen klubarentzat, emaitza kaskarrak eta arazo ekonomikoak izan zituelako. Ordea, ezin esan egoera politiko aldakorrarengatik izan zenik.
1930-1931ko liga denboraldia bukatu eta egun gutxira, 1931ko apirilaren 14an, II. Errepublika ezarri zuten Espainiako Estatuan. Hainbat neurri hartu zituen erregimen politiko berriak. Adibidez, sinbologia monarkikoa debekatu zuten. Hori dela eta, Real Sociedad de Foot-ball izena aldatu behar izan zuen klubak. Errege titulua ezabatu eta koroa monarkikoa armarritik kendu zuten. Denbora batez, Sociedad de Futbol de San Sebastian izena hartu zuten, eta modu horretan parte hartu zuten 1931ko Kopan —dagoeneko erregearena ez zena—.
Hiriaren euskal izena
Ordurako, La Real izenez ezagunagoa zen kluba, eta ez La Sociedad gisara. Real deitura kentzeko betebeharraren aurrean, 1931ko ekainaren 30ean ezohiko batzar bat egin zuten. Orduan erabaki zuten klubaren izena errotik aldatzea, eta Donostia Foot-ball Club edo Donostia F.C. aukeratu zuten. Hau da, hiriaren euskarazko izena hartzea adostu zuten.
II. Errepublika garaia eta deitura zein armarri berriak 1931-1932ko denboraldiarekin estreinatu zituzten. Sasoi kaskarra izan zen txuri-urdinentzat, Harry Lowe entrenatzaile ingelesaren aginduetara. Azken-aurrekoaren aurretik bukatu zuten liga, Alaves eta Real Union —bigarren mailara jaitsi ziren— euskal taldeak atzean utzita. Soilik hamalau puntu batu zituzten, eta jaitsiera postuak hiru puntu eskasera geratu ziren. Bitxikeria gisa, denboraldi hartan, txuri-urdinek ligako txapeldunak —Madrilek— baino gol gehiago egin zituzten.
Klub txuri-urdina, Donostia F.C. gisa, II. Errepublikan jaitsi zen historian lehen aldiz bigarren mailara
Urte gorabeheratsuak izan ziren Donostiarentzat, eta emaitza onak ere lortu zituzten. Esaterako, 1932-1933ko denboraldian seigarren postuan bukatu zuten, eta hurrengo sasoian, bosgarren, neguko txapeldunak izan ostean. Futbolaren etengabeko profesionalizazioak eta soldaten igoerak nabarmen kaltetu zuen Donostia F.C. Arazo ekonomikoak pairatzen hasi ziren, eta, ondorioz, taldeko jokalari erabakigarriek ospa egin zuten.
1934-1935eko denboraldia ere klub txuri-urdinaren mugarri tristeetako bat da. Sasoi hartan, hamabiko liga izatea adostu zuten, eta azken bi sailkatuak jaitsiko zirela bigarren mailara. Donostiak azken-aurreko postuan bukatu zuen txapelketa, eta historian lehen aldiz, lehen mailatik bigarrenera jaitsi zen. Hondoa, berriz, 1935-1936ko sasoian jo zuen klubak. Bigarren mailako lehen esperientzia oso txarra izan zen, lehen mailara bueltatzeko helburutik oso urrun geratu zirelako. Pentsa, ia hirugarren mailara jausi zen Donostia.
Galera frankista
Kirol mailan bizitzen ari ziren garai beltza are gehiago belztu zen 1936ko uztailean. Espainiako gerrak eztanda egin zuen, eta liga behin-behinean bertan behera geratu zen. 1937ko uztailean, gerra hasi eta urtebete ingurura, Donostia F.C.-ko zuzendaritzako hiru kide ohiek kluba berreskuratu eta berriz ere martxan jarri zuten, pixkanaka. Ligarik ez zegoenez, Gipuzkoa, Nafarroa eta Euskal Herria mailako txapelketak jokatu zituzten.
Gerra bukatzean, futbol taldeen jarduera berrabiaraztea erabaki zuen frankismoak. Klub askoren egoera ekonomikoa eskasa zenez, trantsizio denboraldi bat antolatu zuten, bigarren mailan. Zortzi taldez osaturiko bost multzo zehaztu zituzten. 1939-1940ko denboraldi hartan, klub txuri-urdinak izen monarkikoa eta armarriko koroa berreskuratu zituzten. Ordutik, Real Sociedad izan da, abizenak tarteka aldatu eta ikurraren diseinua egokitu dizkioten arren.




