Euskara kalean
Kale gorrian beste 111 lagun. Miseria gorrian bizi ziren lehendik ere. Euritan orain. Euskararen egunaren biharamunean, tori euskaldunon ongietorria.
Nik modu informalean entzun nion Sarrionandiari esaten euskaldunok subkultura bat garela geure herrian. Halaxe ikusten dut geure burua Donostian. Hiriaren martxa nagusitik apur bat aldenduta, lurperatuta, egongo bagina lez. Eta uste dut horrek lagundu diezagukeela pentsatzen askoz hobeto bai euskaldunon etorkizuna, eta baita, bizitza berri baten bila lur honetara etorri direnena ere. Gu geu ere noizbait iritsi ginen hona, ezta? Ala noiz uzten zaio migratzaile izateari?
Hizkuntzak egiten gaitu euskaldun. Eta batasunak herri. Bata besterik gabe ezin ulertu. Podemosek lelo bat egin zuen, ustez abertzaletasuna kritikatuz: Aberria jendea da. 1960ko hamarkadatik esaten zuten hori abertzaleek: euskalduna da herri honetan lan eta bizi egiten duen oro. Ireki dezagun bada euskalduntasun berri bat. Euskaraz hitz egiten duten eta etxegabetzeak «gizatasunez» egiten dituzten Polizia euskaldunik gabe, ahal dela.


