Igeldoko «gurutze frankista» bota du Ernaik
Mendizorrotzeko gurutze "frankista" eraitsi du Ernai gazte antolakundeak. Ernai Igeldoko mendi tontorrean dagoen Mendizorrotzeko gurutzea eraitsi du Ernaik gazte antolakunde independentistak. Azaldu dutenez, gurutze hori errekete faxista bat oroitzeko eraiki zuen udal frankistak. Zehazki, 1936ko irailaren 13an, militar frankistek euskal milizien menpe zegoen Donostia konkistatu zuten egunean hildako Jose Manuel Gorospe Etxebarria “errekete tenientea oroitzeko” jarri zuen Donostiako Udalak, 1941. urtean. “Ekintza honekin argi utzi nahi dugu elementu frankistek gure auzo eta hirian tokirik ez dutela”.
Bestalde, udaletxetik Espainiako bandera kendu dutela jakinarazi dute, baita ere. “Asimilaziora kondenatu nahi gaituzte, baina beste behin ere gazte independentistok erakutsi dugu, eta behar bezainbeste alditan frogatuko dugu herri honek etorkizuna duela, gazte belaunaldi berriak prest daudela herri honen askatasunaren alde edozer egiteko”.
Asteazkenean epaitegian egindako ekintzarekin batera, gazte erakundeak adierazi du “balio independentista, sozialista, feminista eta euskaldunak lau haizetara zabaltzea” dagokiela, “espainolismoa” irudikatzen duen orori aurre egiteko. Ernairen ustez, “ideia erreakzionario eta espainolismoen gorakada nabaria da”. “Asimilaziora kondenatu nahi gaituzte; ikur, komentario edota gauza txikiekin, baina horren aurrean guri dagokigu aurrera urratsa ematera eta euskal gazteriari erakustera inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzea posible dela, eta hori lortzeko independentzia dela bidea”.
Independentzia Eguna
Bigarren urtez egingo du Ernai Donostiatik Independentziara eguna, bihar, larunbata (hilak 6). Donostiako gazte independentistak batzea du helburu egunak, elkar ezagutzea eta “Donostiatik askatasun egarriz eta grinez gaudela erakustea”.
Tour Independentista deitu diotenarekin hasiko da eguna, Parte Zaharrean gertatutako ekintza eta anekdotak batuko dituen militante baten eskutik: Aske Gunea, Donostiako Piraten sorrera, Kijera gaztetxearen etendako historia eta beste izango dira mintzagai. “Belaunaldien arteko transmisioa beharrezkoa da, nondik gatozen jakiteko baina bereziki hortik abiatuta, iparra norabidetuta edukitzeko”.
Horren ostean, gazte bazkaria egingo dute Bilintxi Balantxako kideek girotuta, eta, ostean, bakarrizketak. Arratsaldetik aurrera, aisialdirako eskaintza izango da: alde batetik, Anuk eta Elene izango dira Herria tabernan jotzen. Horren ostean, Ondoezik elektro txaranga, Parte Zaharreko kaleetatik eta amaitzeko kontzertuak Guardetxean.



