Ijito herria, ahots propioz etorkizuna berrasmatzen
Agifugi elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ijiton proiektua sustatu dute: hiru egun Donostian erromani herriaren memoria, artea eta etorkizuna aktibatzeko. Jardunaldiez gain, bi hilabetean behin argitalpen bat ontzen ari dira, ijitoen historia eta ekarpena jasotzeko. Betiere begirada feministatik. Elkarteko ateak zabal-zabalik izan ditugu jardunaldiez, zein bestelako gaiez aritzeko.
Agifugi elkarteko kideak, Intxaurrondoko lokalean. Ezkerrean, Kike Jimenez; erdian, Rafa Gimenez, eta, haren eskuinean, Isa Jimenez.Xalba Ramirez Makroproiektu kultural, politiko eta artistiko gisa definitu du Agifugi elkarteko Kike Jimenezek Ijiton proiektua. Magazin digital bat izan da orain arte eta datorren astean webinar bat prestatu dute. Ijiton Webinar 2025 «mugimenduan dagoen manifestu» gisa sortu da. Gonbidapen bat da, «ijitoak Donostiako kultura paisaiaren funtsezko parte direla aitortzeko: haien memoria, oraina eta etorkizuna». Hiru egunetan zehar, hitzaren eta irudiaren, «zauriaren eta edertasunaren arteko ibilbidea» proposatuko du programak, artea, politika, komunitatea eta sorkuntza kolektiboa uztartuz.
Agifugi Gipuzkoaren etorkizunerako ijitoen elkarteak antolatu du proiektua. Elkartearen egoitza Intxaurrondon dago, eta bertan elkartzen dira gizarte hezitzaile, terapeuta eta elkarteko langileak egunero, gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko, batetik, eta ijito herriaren behar sozial, kultural eta politikoei aurre egiteko, bestetik. «Profesionalez» osatutako elkartea da, eta Rafa Gimenez elkarteko kideak dioenez, «ijitoz osatutako mota honetako elkarte bakarra da –ausartuko naiz esaten– Espainiako Estatu osoan».
Lan ezberdinak egiten dituzte elkartean. Horietako bat, bazterkeria egoeran dauden familiekin lan egitea da. Oraintxe bertan, azaldu dutenez, magrebtar jatorriko pertsonekin lan egiten ari dira batez ere. Baina elkartearen funtzio nagusia ijito herriari bitartekoak eta baliabideak eskaintzean datza.
«Garai batean, kulturarteko bitartekari figura moduko bat zegoen. Hori gainditzea lortu genuen, eta orain, ijitoz osaturiko profesional taldea da Agifugi». Horrek hurbiltasuna eskaintzen dio komunitateari. «Bai, ni Tia Serranaren semea naiz, ijitoa, eta besteengandik ijito gisa onartua. Baina horretaz gain, profesionala ere banaiz, hemen gauden guztion moduan, eta horrek egiten du proiektu hau berezi», dio Rafa Gimenezek.
Prekaritate eta bestelako arazoez gain, badago identifikatu duten ildo berezi bat: kultura eta balioak. Horretarako sortu zuten Ijiton, eta horixe da Kike Jimenez artistaren egitekoa. Otsailean sortu zen Ijiton eta hainbat dira jada argitaratu dituzten magazin digitalak.
Nola aurre egin kulturatik?
Kike Jimenezek argitu duenez, ijitoek ahotsa izan dute azken hamarkadetan, baina, akaso, ikuspegi «paternalista» batetik: «600 urte dira Espainiako Estatuan ijitoak zeudela erregistratu zenetik. Bada garaia, 600 urteren ondoren, geure kulturaren autokudeatzaileak izateko. Alegia, orain arte izan dugu ahotsa, baina gainbegiratua, eta hemendik aurrera, aukera berdintasunean oinarritu nahi dugu».
Modu argian laburtu du filosofia: «Orain arte ez-erromaniak direnek erromaniak deitzen gintuzten hitz egiteko. Orain, gu gara haiei deitzen diegunak». Helburua argia da: «Berdintasun baldintzetan bizitzea».
Hiru jarduera izango dituzte datorren astean. Abenduaren 11n webinar hibrido bat, online eta presentzialak diren jarduerekin. Hainbat pertsona ezagun etorriko dira, besteak beste: Samuel Escudero Mas Madrideko zinegotzi ijitoa, Celia Montoya aktorea, Sara Carmona historialaria eta Iñaki Vazquez kultur ekintzailea LGTBIQ+ eremuan. Abenduaren 12an, Teledonosti-rekin saio berezi bat egingo dute Escuderorekin, ahots erromaniak eta erakundeetako ordezkariak batuz. Abenduaren 13an, Irurak deituriko ekitaldia egingo dute manifestu bat irakurriz Agifugiren egoitzan bertan, gazteleraz, erromaniz eta euskaraz.
Hezkuntza, erronka
Espainiako Estatuan ijito komunitate handia dago, duela 600 urtetik hona. Izan ere, aurten bete dira 600 urte lehenengo aldiz ijito herriaren idatzizko erreferentzia bat egin zenetik. Baina Kike Jimenezen arabera, Europan ematen ez den egoera batekin: «Geure hizkuntza propioa mantentzen ez dugun herrialde bakarra gara». Horrek, beraz, hezkuntza porrotarekin zerikusia du: «Espainian, ijitoen %18 inguruk amaitzen dute derrigorrezko hezkuntza».
Isa Jimenez elkarteko hezitzailea eta terapeuta da, ijitoen emakume taldearekin lan egiten duena, besteak beste. Argitu duenez, datu horiek, gutxika bada ere, ari dira aldatzen eta Espainia mailan «katastrofista xamarrak» diren datu horiek «ez dira horren txarrak Donostian eta Gipuzkoan».
«Orain arte, ez-erromaniak direnek erromaniak
deitzen gintuzten hitz
egiteko. Orain, gu gara
haiei deitzen diegunak»
Horrek ez du esan nahi erronka handiak ez daudenik. Azaldu duenez, egun, aurreiritzi asko daude Donostiako eskoletan ere: «Haur ijito bat eskolara doanean, hor konturatzen da ijitoa dela eta horrek konnotazio negatiboa duela. Guretzat zerbait polita da, gurea da. Ez ona, ezta txarra ere. Komunitatean bizi dugu eta guretzat normala da».
«Ordea, ikastetxera iritsi eta gainontzekoek desberdin tratatzean konturatzen dira zerbait gertatzen ari dela, eta horrek eragina du, gerora, ikastetxeko dinamika guztiekin». Nabarmendu dutenez, ez da haurren kontua soilik, irakasleena ere bada: «Gure kultura ikusten dute desregularizatutako zerbaiten moduan, oso kaotikoa». Hori, eta mezu antitziganoak: «Kontuz ijitoekin, lapurrak dira…».
Baldintza ekonomikoek eta klaseak eragina dute hezkuntza arrakastan. Ordea, Isa Jimenezen ustez, lehenengo urratsa kulturala da: «Irakasle batek zugan sinisten badu, berdin du eskolara oinutsik bazoaz ere, ni ziur naiz aurrera atera dezakezula. Oso garrantzitsua da entzuna sentitzea, balioa ematea, toki bat izatea».
Umiliazio eta bazterketa egoerak zenbaezinak dira. «Ikusi ditut ume ijitoentzako mahai baztertuak dituzten ikasgelak, paretaren kontra», dio hezitzaileak. Agifugikoak Frantziako herri bateko ikastetxe batean ari dira esku hartze komunitario bat egiten, bertako irakasleen antitziganismoa lantzeko. «Izugarriak eta bi entzun ditugu bertan. Ijitoak nomadak direla eta trikuak jaten ditugula! Trikuak jan? Hori ez nuen behin ere entzun!». Eta, nabarmendu dute, hori ez dela izan «taberna batean» esandako komentario bat: «Irakasleek esaten zuten hori».
«Haur ijito bat eskolara doanean, hor konturatzen da ijitoa dela eta horrek konnotazio negatiboa duela»
Lana, prekaritate iturri
Historikoki lan diziplina kapitalistatik kanpoko espazioetan egin dute lan pertsona ijitoek: nekazaritza, txatarra bilketa, merkatua… Azken urteetan, ordea, asko erregularizatu dira espazio horiek, eta, horrek eragina izan du komunitatean.
«Sistema kapitalistak kaña eman du eremu horietan, eta horren ondorioz ijito komunitateak pilak jarri behar izan ditu», aitortu du Isa Jimenezek. Alternatiba, ordea, ez da oso erraza. Izan ere, ijitoen kontrako estigmek lan ugaritara sarbidea ukatzen die.
«Saltoki batean lan egiteko arazo nagusiak dauden aurreiritziak dira. Baina, hala ere, batez ere emakume ijitoek izugarrizko ardura erakutsi dute, eta, asko dira horrelako lanak egiten ditugunak. Batez ere hirugarren sektorean: zaintza lanak, garbiketak…», argitu du Jimenezek.
Folklorizazioa gainditu
«Ez dut antropologiaren edo soziologiaren eremuan sartu nahi. Baina askotan hitz egiten dugu akulturazio prozesuaz», dio Rafa Gimenezek. Kultura desitxuratu eta bere oinarrizko ezaugarriak erauziak direla sentitzen dute, eta honela, badirudi, ijito izatea gauza zehatz eta karratu bat dela. «Eta ez da horrela. Ijito izateko modu ugari daude». Izan zaitezke ijitoa, euskalduna, transa, feminista… «Horregatik da Ijiton horren garrantzitsua», dio Rafak: «Ikuspegi erreal bat eskaini nahi dugulako, lehenengo aldiz pertsona ijitoen bidez egina, payoen filtrorik gabea».
Kike Jimenezek arabera, Ijitonen bitartez, «folklorizazioarekin gainditzeko» bidea jarriko da. Azaldu duenez, ijitoen kultura ulertzeko modu hertsia da folklorizazioa: «Ijito kultura bilatu eta ateratzen zaizu Camaron de la Isla. Guk izugarri maite dugu Camaron, baina zergatik ez da inoiz agertzen Selma Selman? Berlinen eta New Yorken erakusketak egiten ari den artista ijitoa? Inork ez du horretaz hitz egiten».
«Hori da ijito artea desfolklorizatzea. Abestu eta dantzatzetik harago doala ulertzea: zinema zuzendariak, artista plastikoak, diseinatzaileak… denetarik dago».
Eta Donostian, zer?
Donostiako eragileekin harreman luzea dute aspalditik hona. Rafa Gimenezentzat kaldereroena gai «zirraragarria» da. «Oraindik ez dugu asmo zehatzik, baina hausnarketa sustatu nahiko genuke», aurreratu du.
«Festa deseraiki nahiko genuke, baina barrutik, modu onean. Kontzientzia zabaldu behar da, eta erakutsi nola bizi duen guraso edo haur ijito batek zer den haientzat ijitoz mozorratzea. Erakutsi nahi dugu haiek nola bizi duten, eta ziurtatzen dizut, ez dela batere guaia», azaldu du Gimenezek.
«Kaldereroen festa deseraiki nahiko genuke, baina barrutik, modu onean. Ijito herria zaintzen ari gara edo karikatura egiten?»
Honen bidez, gogoeta sustatzea da helburua eta «black face-a den edo ez den» eztabaidatzea, ea «arrazakeriarik baden» festa honetan: «Galdera honakoa da, ijito herria zaintzen ari gara jai honekin edo karikatura egiten ari gara, haietaz mozorrotzen. Beste batzuek egiten dutenean eskandalizatu egiten gara. Zergatik ijitoen kasuan ez?».
Edonola ere, ikuspegi optimista eta eraikitzailetik ari dira gogoeta hau sustatzen: «Guk ez dugu destroyer izan nahi, eztabaida sustatzea eta alor batzuen deseraikitzea egitea, ez besterik. Agian konpartsa bat egin genezake guk geuk ere». Baina oharra egin du Rafak barre artean: «Eta kontuz, badira ni baino punkiagoak direnak: payoz mozorratzea proposatu dutenak!».
Futurismo erromania
Kultura da ijito herriaren borroka zelaia. Eremu asko ari dira bere gain hartzen Agifugin, eta urratsez urrats, ari dira horiek antolatzen –haien izenak berak dioen moduan– etorkizunerantz.
Kike Jimenezek modu eraikitzaile eta ilusionagarrian ikusten ditu hurrengo urratsak: «Oraingoz, saiakera estiloko lan filosofikoagoak egin ditugu, biolentzia sinbolikoaz gogoeta eginez, egiturazko arrazakeria ikusarazten eta antitziganismoa mahai gainean jartzen». Ijitoneko magazineko editorialak dira horren erakusgarri nagusiak: «Ikusezintasunaren gainean egin dugu lan aurten. Musika, dantza, zinema… Ikusezin izan garen eremuak ikusgarri bihurtu ditugu».
Aurrera begira –ideia bat da oraindik–, beka bat sortu nahiko lukete, Donostiako eta Euskal Herriko beste kultur eragileekin. Kikek dena du buruan: «Futurismo erromania da garatu nahi dugun kontzeptua. Futurismo erromaniak espazio digital zibernetikoa aldarrikatuko du eta oraindik erabat itxita ez dagoen arren, musika elektronikoko jaialdi batek babestuko du». Zer da etorkizuna ijito herriarentzat? Nola irudikatzen ditugu geure buruak? Zer nahi dugu gertatzea? Berrikuntzaren eskutik egingo dute gogoeta artistikoa. Era berean, bizitzeko modu bilakatuko dena.
«Egiturazko arrazakeriari aurre egingo diogu artearen bidez», dio Isak: «Berdin du ETBn gutaz barre egiten duten, gure kontrako aurreiritziez zer dioten. Tamalez, ohituta gaude. Norberari gertatutakoak kontatuko bagenizkizu orain! Baina aurrera eginen dugu, borrokatuz eta modu positiboan, eta inolako diskurtso biktimistarik egin gabe», gehitu du. «Ikusi duzu, hau esan eta ileak puntan jartzen zaizkit. Pasioz hitz egiten dugu, geure jendeaz ari garelako, eta horrek ausardia behar du… eta pasioa!».
«Eta askotan esaten dugun moduan: Donostiatik mundura. Hemen hasi dugu baina jada Europako hiri ugarirekin ari gara harremanetan, Madril, Batzelona, Bruselas, Errumania, Alemania, Lituania…», azaldu du Kikek. Bistan da. Futurismo erromania gaur eta hemen eraikitzen ari da. Molde berriz eta etorkizun duinerako desio betez. •




