«Oso gustura egon naiz dendan eta pena izugarria ematen dit itxi beharrak»
Lau hamarkadatan izan da Murua arropa dendaren jabe Ana Velasco (Egia, 1958). Negozioaren gainbeherak eta erretiro adinak bat egin dute, eta denda ixteko erabakia hartu du, nahiz eta data atzeratzen doan.
Murua arropa dendako jabe Ana Velasco, saltokiaren aurreko aldean. Maitane Aldanondo Emakumezko eta gizonezkoen arropa, barnekoa, galtzerdiak, pijamak… Eskaintza zabala izan du urtetan Karmengo Ama kaleko Murua dendak. Ekarri eta eraman egiten zuten garaiak, ordea, atzean gelditu dira. Ohitura aldaketek bultzatuta eta erretiro adinera iritsita, biltegia hustu eta betiko jaitsiko du pertsiana egungo jabeak.
Duela lau hamarkada hartu zuten saltokiaren ardura Ana Velascok (Egia, 1958) eta Jon Murua senar-emazteek. Murua tolosarra zen, merkatari familiakoa, eta ikasketak egin bazituen ere, aitarekin aritzen zen dendan. Hura, ordea, jaioterrian zegoen eta egunero egin behar izaten zuen joan-etorria. Hori aldatu nahian, Donostian denda bat irekitzea bururatu zitzaion bikoteari, eta Velascoren amak eman zien Egian salgai zegoen baten berri. Jabeak zenbakiak erakutsi zizkien eta «negozio borobila» zela ikusi zuten. «Zoragarria zen. Garai hartan ez zegoen Zara dendarik, ezta merkataritza gunerik ere», gogoratu du egiatarrak.
Ez zuten oso argi zer egin bertan, eta 1985ean erosi arren, bi urtez utzi zioten aurreko jabeari bertan lan egiten. Eltze denda bat jartzeko ideia izan bazuten ere, jantzi dendarekin jarraitzea erabaki zuten, nahiz eta moda kontuez ezer ere ez jakin. Baita izena mantentzea ere. Izan ere, Muruak, berez, aurreko jabeari egiten baitio erreferentzia. Bitxikeria gisa, notarioarenean salerosketa sinatzear zirela jakin zuten Velascoren aitaginarreba eta jabea zen alargunaren senarra lehengusuak zirela.
Eredu aldaketa
Hasieran, aurretik ere dendan zebilen langileak jarraitu zuen lanean eta Velascoren amak laguntzen zion; oporraldietan, berriz, Velascok ordezkatzen zuen. Beste garai batzuk ziren, arropari garrantzia handiagoa ematen zitzaion eta jendea prest zegoen ordaintzeko. Hasieran, arropa gutxi izaten zuten dendan, hornitzaileei deitu eta hurrengo egunerako ekartzen zieten. Gerora, urtebeteko aurrerapenarekin eskatzen hasi ziren, eta horretan irabazitakoaren gehiena inbertitzen. Eskaintza «klasikoagoa» du, «etxe oso onetakoa» eta auzo batean egonda Erdialdean baino merkeagoa. Horregatik, hona etortzen zitzaizkion beste auzoetatik ere.
Urte onak izan ziren, baina negozioaren gainbeherak eta langileak izandako istripu batek dendaren ardura hartzera behartu zuten egiatarra. Hala, goizetan, El Diario Vasco-n lan egiten zuen, finantza arloan; eta arratsaldetan, Muruan. Hamaika pasadizo bizi izan ditu erakusmahaiaren beste aldean, batzuk ez bereziki atseginak. Esaterako, erakusleihoa apurtu eta bertan zutena lapurtu zietenekoa, edota ondoko etxebizitzatik horma zulatuta, denda gaineko solairuko biltegian sartu eta ostu zietenekoa. «Arropa pila eraman zuten, kontuak atera nituen eta zortzi bat milioi pezeta izango ziren», zehaztu du.
Lana baino gehiago
Saiatu da garai berrietara eta bezeroei egokitzen, baina bere eskaintzari eutsi dio moda azkarragoaren alde egin beharrean. Jada «ez du ematen» eta urtero okerrera doa. «Hilabete batean saltzen duzu, eta hurrengoan, ez», aitortu du Velascok. 2019an, izan zuten ixteko lehen asmoa, dendaren titularra zen senarrak aurretiko erretiroa hartu behar zuelako. Tamalez, bere urtebetetze egunen hil zen, «akats mediko baten ondorioz». Kosta zitzaion buelta ematea. Dena utzi zuen hiruzpalau hilabetez, psikologoak dendara bueltatzea aholkatu zion arte. Han lortu zuen dolua egitea. «Oso gustura egon naiz dendan eta pena izugarria ematen dit itxi beharra izateak, asko lagundu didalako», onartu du.
Material asko du oraindik saltzeko. Hasieran, abenduaren 31n pertsiana behin betiko jaisteko asmoa bazuen ere, Errege Magoen etorreraren ondoren arte atzeratzea pentsatu zuen. Orain, San Sebastian eguna igaro arte itxarotearen alde egiten du. Lehenago edo geroago helduko dela badaki, baina ingurukoak ez daude horren seguru. «Alabek esaten didate ez dudala utziko, beste hogei urte egongo naizela eta aitari moduan gertatuko zaidala, bizitza osoan kotizatu ondoren ez dudala pentsioa kobratuko», dio, txantxetan.
Lokala alokatu nahiko luke, alabek lana badute ere, etorkizunean beharko balute izan dezaten; baina oraingoz ez du eskaerarik edo galderarik jaso.


