«Martutenen korapilo bat zegoen, eta askatu egin dugu»
Jon Insausti alkateak nabarmendu du Agustindarren eraikineko aferari "erantzun zehatza" eman diola udalak, eta bizilagunen "esker ona" jaso dutela.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Bost egun igaro dira Martuteneko Agustindarren eraikina hustu zutenetik. Hiritarron Harrera Sarearen arabera, 100 pertsona bizi ziren han, zaurgarri egoeran. Dena dela, Donostiako Udalak “82 lagun inguru” identifikatu zituela adierazi du gaur Jon Insausti alkateak. Horietatik, ordea, 48 dira La Sirena aterpetxean ostatu hartu zutenak. “Horiek dira udalak ezarritako gutxieneko baldintzak onartu dituztenak”, azaldu du Insaustik.
Udalak aferari “aurrez aurre” begiratu diola nabarmendu du: “Arazo konkretu bati soluzio bat eman diogu. Martutenen korapilo bat zegoen, eta askatu egin dugu”. Horrekin batera, esan du Martuteneko bizilagunen eta auzokideen “esker ona” jaso dutela, “gertatzen zenari erantzun zehatza eman diogulako”.
Agustindarren eraikinean bizi ziren “pertsona guztiekin” hitz egin dutela esan du Insaustik: “Batzuk ikasten ari dira, beste batzuk lanean, eta beste batzuek ez dute gutaz eta administrazioaz ezer jakin nahi. Kasu oso desberdinak daude”. Aipatu moduan, 48 pertsona dira La Sirenan ostatu hartzeko udalak ezarritako baldintzak bete dituztenak, “bizikidetza arau minimo batzuk bete behar direlako”. Bakoitzari “gizarteratzeko” aukera eskaini diete “formazioaren bidez”.
Harrera Sarearen kritika
Udalaren jarrera kritikatu zuen Harrera Sareak, Martuteneko eraikinean bizi ziren pertsona guztiak La Sirenan hartu ez zituztelako. Horren aurrean, Insaustik esan du udalaren eta Harrera Sarearen helburua “berbera” dela; “kale egoeran pertsona bakar bat ere ez egotea”. Dena dela, egoera horri aurre egiteko “ikuspegia desberdina” dela nabarmendu du alkateak. “Udalak baliabide bat jartzen badu, betebehar eta arau batzuk bete behar dira. Finean, helburua da inklusio soziala eta laborala. Gure ustez, gizarteratzea formazioaren eta lanaren bidez izan behar da”.
Horrez gain, Insaustik Agustindarren eraikinaren etorkizunari erreparatu dio. Eusko Jaurlaritzarena da, eta Ortzadar fundazioak lanbide heziketa zentro bihurtuko du. “Abiadura hartu behar du Agustindarren eraikinean egingo denarekin. Lanbide heziketa dago aurreikusita, gainera, Industriari lotutakoa. Han bizi ziren pertsona eta kolektibo horiei formazioa eskaintzeko aproposa izango da”, adierazi du Insaustik.


