Epaiketa arriskuan dauden kideen aldeko elkartasun kanpaina abian jarri du Palestinarekin Elkartasunak
Kanpainaren berri emateko goizean egin duten agerraldiko irudia.Maitane Aldanondo Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak agerraldia egin du goizean Atotxako epaitegien aurrean, datozen asteetan abiaraziko duten Errepresioak ez dezala Palestinarekiko elkartasuna eten kanpaina “politiko eta ekonomikoa” aurkezteko. Honen helburua, errepresioa salatu eta epaiketa arriskuan dauden kideei babesa adieraztea da. Hain zuzen ere, bihar, hilak 11, deklaratzera deitu dute Zinemaldiaren harira, Zurriolako zubitik behera ustez zintzilikatu zen pertsonetako bat, “ekimen desnormalizatzaile bat egitea egotzita”. 09:45an du hitzordua, eta ordu erdi lehenago, elkarretaratzea egingo dute.
Era berean, La Vuelta txirrindularitza lasterketan Irunberrin, Enekurin zein Bilboko helmugan Israel Premier Tech taldearen aurka protesta egiteagatik zazpi auzipetu eta hamarnaka isundu daude, baita Palestinarekin Elkartasuna plataforma bera ere. Hortaz, dei egin dute abenduaren 18an Irunberriko auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzean parte hartzera. Bestalde, isunei eta epaiketen kostuei aurre egiteko crowdfunding kanpaina bat martxan jarri dute eta materiala salgai dute.
ñigo Rodriguezek kideak irakurri duen idatzian salatu dutenez, “kaleak desaktibatzen saiatzen” ari dira. Batetik, Trumpen planaren eta su eten faltsuaren bitartez bakea dagoela sinestaraziz, eta bestetik, borrokatzen duenari errepresioz erantzunez. Gainera, “instituzioen hipokresia agerikoa da”; hitzez haratago, gobernuek Israelen eta haren konplizeen aurkako neurri eraginkorrik edota zigorrik hartu ez, eta hitzez esandakoa ekintzez gauzatu dutenen kontra “poliziak eta auzitegiak” bidali dituzte. “Ezin dugu elkartasunaren aurkako errepresioa normalizatzen utzi, errepresioa bera gogortzeko baldintzak jarriko genituzkeelako. Kontrara, injustizia ororen aurka borrokatzeko baldintzak hedatzeak izan behar du bidea”. Alegia, elkartasunez erantzun beharrean daudela. “Denon garaipena izan da La Vuelta oztopatzea eta sionismoaren konplizeak seinalatzea. Orain errepresioari denon artean erantzun beharrean gaude”.


