«Erakundeei irtenbideak, baliabideak eta inbertsioa exijitzen dizkiegu»
Martu Harrera talde aurkeztu berriak Agustindarren eraikina hustu osteko balorazioa egin du.
Martu Harrera taldeko kideen agerraldian, Martutenen.Inaxio Esnaola Gaur goizean aurkeztu dute Martu Harrera taldea, eta agerraldia aprobetxatu dute Martuteneko Agustindarren eraikin hustu berriari buruzko iritzia plazaratzeko. “111 bizilagun oso modu prekarioan bizi ziren. Martutenen duela urtebete baino gehiago irtenbide integralak eskatzen aritu gara. Horrela, erakundeei irtenbideak, baliabideak eta inbertsioa exijitzen dizkiegu”, adierazi dute.
Donostiako “arazo larri honi” aurre egiteko, Donostiako Udalak orain arte erabili dituenak baino baliabidea “askoz ere gehiago” bideratu behar dituela uste dute. “Azken urteotan eskaria hamar aldiz handitu bada, gizarte aurrekontuak ere maila berekoak izan behar dira. Non dago Donostiako udal jantoki soziala? Eta non dago aterpetxe publikoa, donostiarrek kalean lo egin behar ez izateko?”, nabarmendu dute.


