Martu Harrera taldea aurkeztu dute, auzotarrei ongietorria egiteko
Ostiralean, hilaren 12an, 'Ongi etorri auzora' informazio gunearen inaugurazioa egingo dute, Sarroeta auzo elkartearen egoitzan.
Martu Harrera taldeko kideak, Sarroeta auzo elkartearen egoitzaren aurrean.Inaxio Esnaola Harrera auzoa da Martutene, eta hori berresteko sortu dute Martu Harrera taldea. Gaur goizean aurkeztu dute Sarroeta auzo elkartearen egoitzan, eta leku berean inauguratuko dute etzi, hilak 12, Ongi etorri auzora informazio gunea, 17:00etan. Horrekin batera, Ongi etorri Martutenera! baliabideen gida plazaratu dute, bost hizkuntzetan.
Martu Harrera taldea hainbat eragilek osatu dute: Sarroeta auzo elkartea, Arantzazuko Ama Ikastola eta Guraso Elkartea, Etxarriene auzo etxea, Ongi Etorri Eskolara, Hazi Berri Elkartea, Harrera Donostia, Martuteneko Herri Eskola, Martu Jaiak, Martuko Gazteak, Aizkorri Scout Taldea, Caritas eta Martuteneko bizilagunak.
Maia Basurko guraso elkarteko kideak eta Juanjo Ugartemendia auzotarrak arduratu dira xehetasunak emateaz. “Auzora etorri berrientzako eta auzotarrentzako ongietorria egiteko lekua izango da informazio gunea”, azaldu dute. “Beharra dutenei laguntza eta baliabideak eskaintzeko sortu dugu, eta elkarrekin egindako ahaleginaren emaitza da”, gaineratu dute.
Abiapuntua
Martutenen harrera komunitarioaren beharraz 2021ean jabetu ziren, orduan abiatu zuten haur eta nerabeentzako Tratu on Martutene egitasmoaren bidez. Donostiako Udalaren Aniztasun Sailarekin, HaziZerb-Educo elkartearekin eta Elhuyar fundazioaren lankidetzarekin garatu zuten.
“Bi urteko lanaren ondoren, Martuteneko beharrei buruzko diagnostiko bat egin zen. Premia horien aurrean, Martutene harrera auzoa izan zedin lan egitea erabaki zen. Auzo elkartearen informazio gunearen konpromisoa, sare aliatuaren konpromisoa, prestakuntza eta gidak sortu ziren, eta hor amaitu zen baliabide ekonomiko publikoen lankidetza eta erakunde publikoen laguntza”, adierazi dute.
Pasa den otsailean, berriz, egitasmoan parte hartu eta prestakuntza jaso zuten pertsonen artean, boluntarioz osaturiko talde berri bat martxan jarri zuten, “informazio gunea eta ‘Su artean’ proiektua mantentzeko, eta auzoaren beharrei modu dinamikoan erantzuten saiatzeko”.
Informazio gunea eta gida
Ostiralean inauguratuko dute Ongi etorri auzora informazio gunea, 17:00etan, eta Sarroeta auzo elkartearen egoitzan bertan egongo da –Pilarreko Andre Mariaren kalea, 5—. Gunea auzotarrei ireki aurretik, ibilaldi gidatu bat egingo dute auzoan zehar.
“Talde honetako kideek eta aliatuen sareek (farmazia, dendak, bizilagunak, ikastola…) Martutenera iritsi berri diren pertsonak detektatzen dituztenean, auzo elkartearen informazio gunera gonbidatuko dituzte”, azaldu dute.
Astean behin, aldez aurretik prestakuntza jaso duten auzokide kolaboratzaileak egongo dira, gida azalduko dutenak eta zalantzak argitzen saiatuko direnak. Topaketa hauen helburua ere “elkar ezagutzea” dela nabarmendu dute: “Guneak zenbait zerbitzu eta baliabide eskainiko ditu, horien artean pertsonei komunitatean bizitzen laguntzeko aholkularitza, orientazioa eta laguntza. Gure helburua da ingurune atsegin eta seguru bat sortzea, Martutenera iristen diren pertsonek beren bizi kalitatea hobetzeko behar dituzten oinarrizko baliabideak eskura ditzaten”.
Ongi etorri Martutenera! baliabideen gidari dagokionez, “tresna baliotsua” izango dela adierazi dute. “Gidak auzoan dauden baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa jasotzen du. Baita ere, Martuteneko bizitza sozial eta kultural aberatsari buruzko informazioa. Gainera, bizilagunen laguntzaz, espazio, elkarte, jarduera eta festa bakoitzaren bidez auzoko nortasuna ezagutzeko balioko du”.
Gida euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz eskuratu ahal izango da. “Hunkituta gaude baliabide hau komunitatearekin partekatzeaz, eta behar dutenentzat oso lagungarria izatea espero dugu”, nabarmendu dute.


