Aisia hezitzailea, auzoan, doan eta euskaraz, haur eta nerabeentzat
Lau gaztek martxan jarri berri dute Altzalore astialdi taldea, aisia hezitzailea auzoko gazteei eskaintzeko asmoz. Altzan bertan gelditzeko aukera bat emateaz gain, auzoa ehundu nahi dute.
Ezkerrean, Ane Intxausti eta Oihan Urbano, eskuinean, berriz, Selene CrosMaitane Aldanondo Duela aste gutxi jarduerak egiten hasi da Altzalore astialdi taldea Altzan, Herreran eta Larratxon. Aisia hezigarria lantzen dute eta euskara oinarri, esparru berriak eman nahi dizkiete gaztetxoenei auzoan bertan gelditzeko. Sustatzaileak Selene Cros, Rakel Gañan, Ane Intxausti eta Oihan Urbano dira. Boluntariotzatik datoz denak, baina bestelako profilak dituzte. Intxausti psikologoa da, Crosek, berriz, Lehen Hezkuntzako irakasle eta terapeuta pedagogikoa ikasketak ditu. Magisteritzatik dator ere Urbano, eta Gañanek Hispaniar Filologia ikasi du. «Bakoitzak berezitasunen bat daukagu eta denok ematen diogu gure puntua», zehaztu du Intxaustik.
Aurreko ikasturtean, Hezkide Eskolak emandako zuzendari ikastaroan elkartu, eta han suertatu zitzaien ideia. Astialdi talderik ez zuten eta bat eratzeari buruzko txantxen artean, urratsa egitea erabaki zuten. Proposamena gazteei bideratutako programa batera aurkeztu eta lortutako diru laguntzari esker, martxan jarri zuten irailean. Barne lanei ekin zioten lehenik, eta azaroan, auzoari begirako jarduerei.
Lehen asmoa Parte Zaharrera lotzea bazen ere, Altzan astialdi talderik ez zela ikusita, auzoko beharrei erantzuteko «aukera aparta» izan zitekeela pentsatu zuten. Azterketa baten bidez ondorioztatu zuten haur txokoaz eta gaztelekuaz gain, «doan edo oso merke» den zerbait falta zela. Hori eskaini eta «komunitate sentipena» bultzatu nahi dute, auzoa ehunduz.
Espazio berriak sortu nahi dituzte, ikastetxetik kanpoko jendearekin elkar daitezen, eta horrela, zenbait balio landu: elkarlana, bizikidetza, errespetua… Zenbaitetan, modu zehatzean, baina, nagusiki, transbertsalki, jolasen bidez. Eta hori dena, euskaraz, gainera. Altzan kale erabilera %4,5 dela ikusita, «bultzada» eman nahi diote euskal kulturari eta hizkuntzari, ikastetxearen esparrura soilik mugatzen ez dela erakutsiz. Erabilera sustatuko dute, jarduerak euskaraz eginda, baina ez dituzte behartuko. «Saiatu behar dugu beraien barnetik ateratzea euskaraz hitz egitea», argitu du Urbanok; hau da, euskararekiko jakin-mina piztu, eta ez behartu, kontrako jarrerak ez eragiteko.
Hezitzaileak hezi
Hortaz, beren eskaintza jolas dinamikoak dira, oinarrian euskara dutenak eta modu ludikoan balioak barneratzeko. 6 eta 18 urte bitartekoei zuzentzen zaizkie, baina irekita daude etor daitezkeenei: «Ez diogu inori esango ez etortzeko». Hasieran, txikiagoei ere zuzentzea pentsatu bazuten ere, nerabeek «kristoren beharra» dutela jabetu ziren. «Adin tarte zabala da», onartu du Intxaustik, «denengana ailegatu nahi dugu, ikusi gurekin nork parte hartu nahi duen, eta gero taldetxoak-edo egin adinaren arabera». Asmoa da, gainera, gaztetxoekin beste lanketa bat ere egitea; Crosen hitzetan, «has gaitezke begirale eta taldearen parte izateko prestatzen. Aukera ematen digute jarraipen hori bilatzeko». Alegia, helburu dute «gurekin haztea eta heztea, eta gero, beste haurren hezitzailea izatea».
Abenduko egitarauan lehen ostiraletako jarduerekin batera, Gabonetan bi ekimen berezi prestatu dituzte, 23an eta 28an, beste bi eragilerekin lankidetzan. Gogoratu duenez, azaroaren 1ean egin zuten lehen deialdira ez zen haurrik bertaratu, baina ez zen alferrikako ahalegina izan, Bizarrain elkarteko kide bat joan baitzen. Hizketan aritu ziren eta Eguberrietan elkarrekin zerbait egin zezaketela pentsatu zuten. Hain justu, 23rako prestatzen ari dira ihes gela moduko bat, «nerabeak erakartzeko». Oraindik, hala ere, beste eragile batzuk ere gehitzeko lanean dabiltza. 28an, berriz, Serafinetako jai batzordeak txoko bat egin die beren egitarauan. Harria parkean elkartuko dira haur eta nerabeekin txapa tailerra gauzatzeko. Beste jarduera batzuk ere egin nahi dituzte, betiere, eguraldia lagun badute.
Eragileen babesa
Proiektua hastea bera, nahikoa erronka izaten ari da. «Zaila egiten ari zaigu haurrak guregana etortzea, baina gogoa ez zaigu falta eta hortxe gabiltza, pixkanaka-pixkanaka». Horregatik, eskertuta daude auzoko eragileengandik jasotako babesagatik. Larratxoko jai batzordeak, esaterako, zabalkuntzan asko lagundu diela aitortu dute. Urbanok azaldu duenez, «hasiberriak gara eta auzoan ez daukagu indarrik. Hain zuzen ere, Larratxon burututakoa izan da orain arteko arrakastatsuena. Han aurrera eramandako jolas kolaboratiboetan hamabost bat lagun elkartu ziren arratsaldean zehar.
Orain duten helburu nagusia Altzalore ezagutaraztea da, horregatik, kalera ateratzen dira altzatarrek ikus ditzaten eta jakin dezaten hor daudela. Helburu horri lotuta, kirol-jertse berdeak egin zituzten, kolore identifikagarri eta deigarriarekin. Hala ere, orain artean, gaztetxoak erakarri dituena paratxuta izan da. Hala berretsi du Intxaustik: «Oso deigarria da. Oso handia da eta deitzen zaitu parte hartzera». Crosek, berriz, nabarmendu du, beste jolas batzuetan ez bezala, edonork parte hartzeko aukera ematen duela.
Erronken artean, aldiz, lokala topatzea dute. Doako jarduerak egiten dituzte eta eurak boluntarioak dira, hortaz, lagapen edo diru laguntza baten bidez lortuko dute. «Aniztasun funtzionala» dutenekin lan egin ohi dute beste esparru batzuetan eta haiei ere zerbitzua emateko irisgarria izatea nahi dute. «Oso zaila» izaten ari da, baina ez dute etsiko; lana bezainbeste gogo dute aurrera jarraitzeko. «Ez dugu Altzalore soilik egiten, beste milaka gauza egiten ditugu honetaz bestalde. Beste proiektu bat da, oso polita eta gogoz gabiltza aurrera eramateko», laburbildu du Urbanok.
