«Zigiluak, ekoizleak, konposatzaileak... Amaiezina da, baina izugarri gustuko dut!»
Disko bildumazalea, DJ-a, musika zale amorratua, 'mod'-a, Amara Berriko Art Cafe tabernako arduraduna... ezagutzeko moduko pertsona bat da Iñigo Arzallus (Errenteria, 1972). Groseko Teorema tabernan egin dugu hitzordua, eta gai horien guztien zein ateratzen joan diren bestelakoen inguruan mintzatu da.

Arzallusek argi zuen nolako argazkia nahi zuen. Oso gustuko duen Jacques Dutroncen disko baten azala imitatzen ari da, baina erroskillarekin.Beñat Parra
Zergatik aukeratu duzu Teorema?
Hilean behin hemen pintxatzen dut, eta oso ondo tratatzen nautenez, taberna hau erabaki dut.
Art Cafe tabernako arduraduna zarenez, uste nuen bertan egitea proposatuko zenidala.
Lanetik kanpo egin nahi nuen, egun osoa bertan ez egoteko. Nahiago nuen goizean hondartzan bainatu, paseotxoa eman eta hona etorri.
Tabernaria zara, DJ-a, musikazale amorratua… Zer gehiago zara?
Irratian ere aritzen naiz! Zintzilik irratiko Kalez Kale Soul! saioan hartzen dut parte, Dr. Punko DJ-arekin batera musika jartzen: rhythm & bluesa, soula… 1950eko hamarkadatik 1970ekora arteko doinuak jartzen ditugu nagusiki, musika beltza gustuko dugunontzat garai kuttuna baita hori, musika dantzagarriena egin zen garaia.
Nolatan hasi zinen DJ lanak egiten?
Denbora asko neraman diskoak erosten, eta, halako batean, Eiger tabernakoek egun batean pintxatzea proposatu zidaten. Ordutik, hainbat lekutan jartzen dut musika: Eigerren aritu nintzen itxi zuten arte; Dadababan, noizbehinka; Mojo Workin’ jaialdian; Kaioa tabernan, hilean behin; Teoreman hilean behin; Gastronomika elkarteak ere ekitaldiak antolatzen ditu, tarteka… Ondo datorkit aktibo mantentzeko eta musika berria bilatzeko.
Nolakoa da disko bildumazaletasunaren mundua?
Bildumazaletasunean garrantzitsua da oso itxia ez izatea eta diskoekin ez obsesionatzea. Izan ere, disko azoketan gauza itsusiak gertatu izan zaizkit pertsona batzuekin; esan ohi dut diskoen munduan ez dagoela lagunik.
Bestalde, zure disko bilduma egiteko garaian, argi eduki behar duzu zer nahi duzun. Ni beti saiatzen naiz disko originala eskuratzen, bere garaian atera zen hori. Ez zait gustatzen berrargitalpenak erostea, kasu horietan, dirua ez doalako jatorrizko artisten poltsikoetara.
«Donostian, nire kabuz noa, nire estilora. Jendeak ulertzen badu, primeran; arraro begiratzen banaute, ba, zer egingo diogu»
Urteak dira 1950eko eta 1970eko hamarkadetako diskoen bilduma egiten diharduzula. Dagoeneko garai horretako musikaren aditua izango zara, ezta?
Bueno, kontua da gauzak ezagutzen joatea. Bilaketa etengabea da. Gauza gehiago ezagutzen noan heinean, konturatzen naiz mundu izugarri bat falta zaidala ezagutzeko: zigiluak, ekoizleak, konposatzaileak… Amaiezina da, baina izugarri gustuko dut!
Soula, rhythm & bluesa… zer gehiago entzuten duzu?
Soul, rhythm & blues, doo-wop, boogaloo, ska, rocksteady, reggae, beat… askotariko musika estiloak ditut gustuko.
Musika estiloen harira, nabarmendu nahiko nuke rock-and-rollaren jaiotza 1954ean kokatu ohi dela, Bill Haley & The Cometsen Rock Around the Clock kantarekin, baina askoz lehenagotik datorrela. Hain zuzen ere, 1920ko hamarkadan, bazeuden dagoeneko euren abestien izenburuetan rock eta roll hitzak erabiltzen zituzten artista afroamerikarrak. Ildo horretatik, Fats Dominok 1957an esan zuen orduan rock-and-roll gisa definitzen zena rhythm & bluesa zela aurretik, beltzek hamabost urte zeramatzatela hori jotzen New Orleansen.
Etxetik datorkizu musika horiekiko zaletasuna?
Beti gustatu izan zaizkit ahots beltzak. Nahiko irekia naiz musika estiloei dagokienez, ia edonon egon naiteke. Orain gaztetxoek entzuten duten musika ez dut ulertzen, baina beste belaunaldi batekoa naizelako da, besterik gabe. Garai bakoitzak bere mugimenduak eta zaletasunak ditu, eta oso ondo iruditzen zait.
Art Cafe Donostiako taberna berezienetako bat da. Nola jaio zen Art Cafe?
Nire koinatuak proposatu zidan proiektuan sartzea. Aurreko lana utzi, taberna ireki, eta dagoeneko 27 urte daramatzagu; ez da gutxi! Azken finean, gu gustura joango ginatekeen taberna da.
Donostiako azken ‘mod’-a zara?
Izugarri gustuko dut mod estiloa eta mod jaialdietara joaten naiz. Baina, Donostian, nire kabuz noa, nire estilora, besterik gabe. Jendeak ulertzen badu, primeran; arraro begiratzen banaute, ba, zer egingo diogu, horrelakoa naiz.
Horren disko zalea izanda, pasatuko zinen dagoeneko Egia Records disko denda berritik, ezta?
Oraindik ez, baina pasatuko naiz! Harrigarria iruditzen zait disko denda berri bat ireki izana, baina gu bezalako erromantikoentzako dendak irekitzeak asko pozten nau.
Aipatu dugun guztiaz gain, detektibea ere izan zinen, ‘Vinyland’ filmean.
Bai! Oso dibertigarria izan zen proiektu horretan parte hartzea.
Art Cafeko langile Jose Luis Olabeagaren disko bilduma du hizpide filmak.
Jose Luisek estatuko bildumarik onenetako bat dauka, inolako zalantzarik gabe. Eta, gainera, entziklopedia bizi bat da: garai guztietako musika estilo guztien inguruko ezagutza zabalak ditu, single bakarra atera zuten edo soilik maketak eduki zituzten taldeen inguruan hitz egiten dizu, kontzertu askotara joan da, jende asko eta askorekin hitz egin du… Ez dut halako beste inor ezagutzen.
2026ko Mojo Workin’ jaialdirako sarrerak erosita izango dituzu dagoeneko, ezta?
Bai, noski! Urte osoan Donostian daukagun zitarik garrantzitsuena da. Eta, normalean, jendea ez da soilik behin joaten, errepikatzen du; zerbaitengatik izango da!

