Sergio Francisco kanporatu eta Jon Ansotegi jarri du Realak, behin-behinean
Sergio Franciscok Realaren lehen taldeko hamasei partida zuzendu ditu.Reala Azken hiru partidak jarraian galdu ostean, Realak Sergio Francisco entrenatzailea kargutik kentzea erabaki du. Gironaren aurkako azken porrota izan da erabakigarria, taldea jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dagoelako. Hamasei jardunaldi jokatu ostean, erdiak galdu ditu Realak –sailkapeneko hamabosgarren tokian dauden hamasei punturekin—. Jon Ansotegi bigarren taldearen entrenatzaileak ordezkatuko du, behin-behinean, Gabonetako etenaldira iritsi bitarte.
Franciscok ez ezik, Iosu Rivas bigarren entrenatzailea ere kargugabetu du klubak. Esker oneko hitzak eskaini dizkiote entrenatzaile ohiari: “Sergio Franciscok erakutsitako profesionaltasuna, ahalegina eta konpromisoa eskertu nahi ditu, bai lehen taldea zuzendu duen denboran, bai gure klubeko kide izan den urteetan. Hamaika urte baino gehiago eman ditu gure harrobian entrenatzaile gisa, eta funtsezko lana egin du gure harrobiko jokalarien azken prestakuntza etapan. Lortutako igoerez gain, bai C taldearekin bai Reala Brekin, lehen taldean dauden eta egongo diren futbolari asko bere eskuetatik igaro dira bide horretan”.
Aipatu moduan, Jon Ansotegik hartuko du lehen taldearen ardura datozen bi neurketetan; Kopan Eldenseren aurka, eta ligan Levanteren kontra. Taldearen lehen entrenamendua zuzenduko du gaur arratsaldean, Zubietan. Imanol Agirretxe izango da bigarren entrenatzailea —bigarren taldeko bigarren entrenatzailea ere badena–.
Argitu ez dutena da zeinek hartuko duen behin-behinean Realaren bigarren taldearen ardura.


