Hilondoko Urrezko Domina eman dio aldundiak Lourdes Iriondori
Eider Mendoza diputatu nagusia Lourdes Iriondoren izenean domina jaso zuten Maria Jesus eta Maria Angeles ahizpekin. Egun gutxi barru, zehazki, hilaren 27an, 20 urte beteko dira Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) hil zenetik. Urteurren borobil horri lotutako aipamenak, keinuak eta lanak ez dira falta izan azken hilabeteetan. Hilondoko aintzatespenen artean, nabarmenetako bat ostiralean aldundiak egindakoa da, lurraldeko aitortza nagusia emanda. Bere faltan, bere ahizpetako bik jaso zuten Urrezko Domina aldundiaren jauregian egindako ekitaldi hunkigarrian. Abeslari, idazle eta antzerkigile izan zen Iriondo eta horrek guztiak izan zuen txoko bat omenaldian.
Maria Jesus eta Maria Angeles ahizpek Eider Mendoza diputatu nagusiaren alde banatan jarrita bertatik bertara ikusi zuten ekitaldiaren abiapuntua izan zen ohorezko ezpata dantza. Ondoren, dantzarietako batzuei segika, Mendozarekin batera igo ziren Iargi aretora. Han zain zeuden gainerako gonbidatuak, eta denei harrera egin zien Alaia Martin bertsolariak. Ondoren, Mariasun Landa idazleak egin zuen Iriondoren laudatioa eta aldarrikatu zuenez, hura gogoratzea “ez da iraganeko irudi bat berreskuratzea soilik”. “Gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berreskurapenean ezinbesteko zutabe izan zen emakume bati aitortza egitea da. Bere kantuetan, bere antzezlanetan, bere narrazioetan eta bere bizitzeko modu koherentean bizirik jarraitzen du, eta haren izarrak, izarren antzera, bidea argitzen segitzen du oraindik ere”, gaineratu zuen.
Bi ahotsetan
Tartekatzen joan ziren musika hitzartzeekin. Zuri-beltzeko irudietatik koloretara ekarri zuen Iriondo Ainara Ortega abeslariak bere kanta ezagunetako batzuk zuzenean abestuta, Mikel Azpiroz pianista, Anjel Unzu gitarrista eta Juanan Urriza bateria jotzaileak lagunduta. Loa loa ttuntturrun berde, Isiltasuna, Gaua, Hala ere, Agurra eta Errota zahar entzun ziren bere ahotsean, baina zenbait unetan Iriondorena berarenaz gozatzeko aukera ere izan zen. Ezagutu zutenen lekukotzek ere lekua izan zuten. Bideo batean jasota entzun ziren, besteak beste, Ez dok amairu taldean kide izan zituen Joxe Anjel Irigarai, Antton Valverde, Nekane Oiarbide eta Julian Beraetxeren hitzak, lauak ekitaldian egon ziren.
Borobil teatroko gaztetxoek, Lurdes Iriondoren zuzendaritzapean Urnietako haurrek bere garaian taularatu zuten Urnietako Buruntza Azpian antzezlaneko pasarte bat biziberritu zuten. Jarraian, omenduaren izenean, aipatutako bere ahizpetako bik jaso zuten Urrezko Domina Mendozaren eskuetatik, eta esker hitz gutxi batzuen ondoren, haien lehengusu Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko esatari ohiak irakurri zuen eskertza. Azkenik, diputatu nagusiak hartu zuen hitza, euskarari eta euskal kulturgintzari bere bizitza ibilbidean egin zion “ausart eta aitzindariagatik”. “Errekonozitu nahi dugu kantagintzan, antzerkigintzan, haur literaturan eta euskararen transmisioan eta komunitate bizitzan Gipuzkoari eta Euskal Herriari emandako guztia”, berretsi zuen.
Bertaratu zirenen artean, Lourdes Iriondoren senide eta familiako kideak zeuden, aipatu ahizpez gain, lehen lerroan egon ziren Fatima eta Ana ahizpak ere. Halaber, euskal kulturgintzaren ordezkaritza zabala ere. Batzuk, 1960ko eta 1970ko ikuskizunen parte izandakoak, tartean, Oskarbi taldeko Maite Aizkorreta, Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar, Mari Jose Fernandez, Karmelo Arren eta Itziar Maritxalar; eta Zazpiribai ikuskarian Iriondoren plazakide izandako Peio Ospital, Pantxoa Carrere eta Pantxika Erramuzpe. Publikoan ziren ere, besteak beste, Ez gera alferrik pasako dokumentalaren egile Ritxi Lizartza, Idoia Garzes eta Inge Mendioroz; erakunde ordezkaritza zabala, tartean, Jon Insausti alkatea eta Jorge Segurado Urnietako alkate eta Iriondoren iloba; baita azken urteotan Urrezko Domina jaso duten pertsona ezagunak, hala nola Andres Arizkorreta, Jose Mari Sors, Iratxe Pascual, Jose Antonio Urbeltz, Pedro Miguel Etxenike, Lorea Agirre eta Miriam Urkia, edota kulturgintza, euskalgintza eta ekonomiaren alorreko hainbat ordezkari.


