Jazzaldian ariko dira Samara Joy, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Miller, besteak beste
61. edizioaren ordainpeko programazioa eta Jose Luis Lanzagortak egindako kartela iragarri dituzte.
Samara Joy abeslaria.Jazzaldia Datorren urteko uztailaren 22tik 26ra izango da 61. Donostiako Jazzaldia. Urteurrena ospatu osteko jaialdiaren programazioa jazz panoramako izen ospetsuekin, proposamen berriekin eta Europako jazz onenaren ordezkariekin osatu dute. Gaur aurkeztu dituzte ordainpeko emanaldiak, Jose Luis Lanzagortak egindako kartel sinple bezain koloretsuarekin batera.
Izarren artetik bi nabarmendu dituzte: Pat Metheny gitarrista eta Diana Krall abeslaria. Bi horiekin batera, izen berri bat laudatu dute: Samara Joy abeslari gaztea. 26 urterekin dagoeneko bost Grammy irabazi ditu. Gospel eskolan hezitako izar berria da, ahots miresgarri eta teknika harrigarriaren jabe.
Beste izar batzuek ere parte hartuko dute Jazzaldian: Marcus Miller baxu jotzailea, Joe Lovano, David Murray eta Azar Lawrence saxofoi jotzaileak, Charles Tolliver tronpetista, Bruce Barth pianista eta Cecile McLorin Salvant eta Carmen Lundy abeslariak. Aipatzekoak dira bidea egiten ari diren Antonio Lizana saxofoi jotzaile eta abeslaria eta Julius Rodriguez pianista gazteak.
Europako jazzaren ordezkaritza esanguratsuenari dagokienez, Louis Sclavis frantsesaren bisita goraipatu dute, ibilbide musikal luze bezain bikaina egina duen klarinetista. Beste batzuk dira Emile Parisien saxofonista eta Vincent Peirani akordeoi jotzaile berritzaile eta birtuosoa, Benjamin Moussay pianista frantsesa, Erik Truffaz tronpetista suitzarra eta Nils Petter Molvær norvegiarra.
Aipaturiko artista guztiak agertoki hauetan ariko dira: Trinitate Plaza, Kursaal, Viktoria Eugenia antzokia eta San Telmo museoko klaustroa. Bakoitzaren programazio zehatza helbide honetan kontsultatu daiteke.
Sarrerak eta abonuak bihar, hilak 16, 11:30tik aurrera jarriko dituzte salgai apaturiko lekuen leihatiletan, Jazzaldiaren webgunean eta Donostia Kulturaren webgunean.



