Realaren poza beraiena da
Neskek garaipen ederra eskuratu dute Zubietan (3-0), eta Txapeldunen Ligako postuetan egonkortu dira. Mutilek, berriz, partida galdu eta entrenatzailea aldatu dute.
Realeko neskak Deportivoren aurka sarturiko gol bat ospatzen, Zubietan.Reala Aurkia eta ifrentzua bizitzen ari da Reala klub gisara. Emakumezkoena da bata, eta gizonezkoena bestea. Poza neska txuri-urdinena da, Deportivori atzo Zubietan aise irabazita (3-0), sailkapeneko hirugarren postuaren jabe egin direlako —30 punturekin–. Pardok, Emmak eta Cahynovak egin zituzten golak. Tristura, berriz, mutilena da, Gironaren kontra ostiralean galduta (1-2). Bigarren zati penagarri baten ondorioa izan zen. Sergio Francisco entrenatzailearen kargugabetzea eragin du porrotak, eta giro ezkorra areagotu egin da. Jon Ansotegi bigarren taldeko entrenatzaileak hartu du behin-behinean haren tokia. Dena dela, datozen egunetan iragarriko dute entrenatzaile berria, eta, dirudienez, kanpotarra izango da.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek etxean ere huts egin zuen, larunbatean. Azu Muguruzak gidaturiko taldeak bigarren partida jarraian galdu zuen, oraingoan, Cadi La Seuren kontra (70-75). Une batzuetan markagailuan aurretik izan baziren ere, azken laurdenean amore eman behar izan zuten. Horrela ere, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute. Bestalde, Gipuzkoa Basketek hirugarren partida jarraian irabazi zuen, Palentziaren pistan (64-76). Sergio Garciaren taldeak martxa hartu dio txapelketari, eta maila onean dabiltza. Sailkapenaren erdialdera hurbildu dira.
Izotz hockeyan, bale eta kale Txuri Urdineko neskentzat. Jardunaldi bikoitza izan dute asteburuan Huarte nafarren kontra, eta ez dute lortu bi norgehiagokak irabaztea. Larunbatean kostata, baina irabazi zuten (2-1). Atzo, berriz, azken unean galdu zuten (2-3).
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Reala 3 – Deportivo 0
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Reala 1 – Girona 2
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Ibaeta Basket 70 – Cadi La Seu 75
Gizonezkoen bigarren maila, 11. jardunaldia
- Palentzia 64 – Gipuzkoa Basket 76
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 11. eta 12. partidak
- Txuri Urdin 2 – Huarte 1
- Txuri Urdin 2 – Huarte 3


