San Bartolomeko herritarren plataforma ez da udal gobernuaz fio
Merkataritza zentroaren proiektuaren harira, Jon Insausti alkateak "huts egin" diela deitoratu dute, ez duelako "urrats bakar bat ere" egin.
San Bartolomeko herritarren plataformaren agerraldia, udaletxean. Zortzi hilabete igaro dira Donostiako Udal Gobernuak San Bartolomeko merkataritza zentroaren eta lur azpiko aparkalekuaren proiektuari uko egin zionetik. Eneko Goia alkate ohiak jakinarazi zuen erabakia, iragan apirilaren 11n. Ordutik, ordea, ez da aurrerapausorik egon, eta San Bartolomeko herritarren plataformak berretsi du ez dela fio udal gobernuaren borondateaz.
Hori dela eta, agerraldia egin dute udaletxean, duten mesfidantzaren inguruko arrazoiak azaltzeko. Lehenik eta behin, Jon Insausti alkate berriak “huts egin” diela nabarmendu dute: “Ez du urrats bakar bat ere egin, ezta adierazpen bakar bat ere, San Bartolomen aurreikusitako merkataritza proiektu espekulatiboa ez dela gauzatuko bermatzeko”.
Insaustiri hainbat bilera eskaera egin dizkiote, baina plataformarekin elkartzeari “uko” egin diola jakinarazi dute; “ez gaitu hartzen, ez gaitu entzuten”. Horrekin batera, alkateari egotzi diote ez duela gaitasunik merkataritza zentroaren obren iraungipena adosteko. Izan ere, duela hamabost hilabete bukatu zen epe hori. “Alkate berriak San Bartolomeko magalean dagoen b.20.2 lurzatiari dagokion plan orokorraren aldaketa puntuala abiatu beharko luke”.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin eta EAJrekin ere kritiko azaldu da plataforma. “Arzallusek San Bartolomeko magalerako erabilera posibleak aztertzen ari direla iragarri berri du; beraz, ezin da eraikuntzarik baztertu. Bestalde, azken osoko bilkuran, jeltzaleek San Bartolomeko magala parke publiko irisgarri gisa berreskuratzea baztertu zuten”.
Kanpaina bat
Horren aurrean, plataformak kanpaina bat abiatuko duela jakinarazi du, “Donostiako herritarrei ohartarazteko merkataritza zentro bat edo magala suntsituko lukeen beste edozein eraikin egiteko mehatxua ez dela inondik inora desagertu”. San Bartolomeko muinoa berdegune eta parke publiko bihurtzeko proiektua babestuko ditu. Horregatik, mobilizazioa iragarri dituzte “geldialdi egoera honek dakartzan arriskuak salatzeko”.
Testuinguru horretan, plataformak bilerak egin ditu udal talde guztiekin, EAJrekin izan ezik. “Hiri bilera eskaera baztertu dizkigute”, nabarmendu dute.


