Insaustik berretsi du San Bartolomen ez dutela merkataritza zentrorik jarri nahi
San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Bereziaren simulazioa.Donostiako Udala San Bartolomeko herritarren plataformak Jon Insausti alkatea interpelatu zuen atzo, udaletxean egindako agerraldi batean. Plataformaren bilera eskaerei erantzun ez izana egotzi zioten, eta San Bartolomeko aferan udal gobernuaz ez direla fio. Biharamunean, Insaustik kritika horiei erantzun die Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan.
Alkateak adierazi du “baikorra” dela gaiarekin, eta denbora pixka bat gehiago eskatu du. “Uste dut leku onera iritsiko garela. Horretarako, lana eta diskrezioa behar ditugu. Leku onera iristea niretzat da ez egotea merkataritza zentrorik eta aparkalekurik. Korapilo hori askatzeko, denbora pixka bat gehiago eta diskrezioa behar dugu. Hori lortzean, ez dut arazorik izango azalpen guztiak emateko”, azaldu du.
Plataformarekin bildu ez den arren, udala bizilagunekin “etengabe” harremanetan dagoela esan du: “Bilera eskaerak jaso ditugu, bai, baina ahal den neurrian zehazten ari gara. Plataformarekin ere elkartuko naiz, noski. Dena dela, gustatuko litzaidake beraiekin elkartzea albiste on bat emateko”.
Merkataritza zentroa eta aparkalekua baztertuta, San Bartolomen udal gobernuak beste eraikinen bat jartzeko asmorik duen galdegin diote Insaustiri. Ordea, ez du argitu etorkizuna. “Pausoz pauso goaz. Beste korapilo batzuk askatu behar dira, eta lortu behar duguna da merkataritza zentrorik ez egotea eta lur azpiko aparkalekurik. Hori lortzean, San Bartolomeren etorkizunaz hitz egingo dugu bizilagunekin eta plataformarekin”, adierazi du.


