Kopan altxatu behar du burua Realak
Ion Ansotegi behin-behineko entrenatzailearen gidaritzapean, Eldenseren zelaian ariko dira gaur, 21:00etan.
Realaren eta Reusen arteko partida. Reala Txuri-urdin Buru-makurren Klubak albiste on bat behar eta merezi du. Kopa altxatu beharrean, txapelketa bera baliagarria izango da burua altxatzeko?
Realaren gainbehera eta egoera kezkagarriak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu. Sergio Francisco iragana da, emaitza txarrengatik kargugabetu ondoren. Ion Ansotegik hartu du haren lekua, behin-behinean, eta Espainiako Kopan zuzenduko du lehen taldearen estreinako partida. Eldenseren kontra ariko dira partida bakarreko kanporaketan, Pepico Amat zelaian (21:00). Helburua bakarra da, arerioa menderatzea eta final-zortzirenetara sailkatzea.
Egungo koparen ereduak ezustekoak eragin ditu dagoeneko, talde apalago batek lehen mailako bat kanporatu dezakeelako. Noski, une honetan, Realak ez du horrelakorik nahi eta behar. Horretarako, deialdi orekatua prestatu du Ansotegik, 24 jokalariz osaturikoa, eta ezusteko pozgarriak ere badira. Esaterako, Mikel Oiartzabal kapitainaren itzulera. Ordea, ez dirudi hasieratik ariko denik. Entrenatzaileak bigarren taldean dituen soilik hiru jokalari aukeratu ditu: Fraga, Mariezkurrena eta Astiazaran.
Hamaikakoari dagokionez, ez dago batere argi. Atean Marrero ariko dela aurreikusi daiteke, kopan dena jokatu duelako. Atzeko lerroan, Aramburu, Caleta-Car, Elustondo eta Aihen Muñoz espero dira, printzipioz. Zelai erdian, berriz, Goti ia ziurra da, kopan maila aparta ematen ari delako. Harekin batera, Marin eta Turrientes jar ditzake entrenatzaileak. Azkenik, erasoan, Karrikaburuk izan dezake aukera Kuborekin eta Guedesekin hegaletan.


