Dferiaren legatua 42 emanaldikoa izango da, gehienak estreinaldiak
'Bloody Moon' ikuskizunak inauguratuko du Dferia.Jubal Battisti Datorren urteko martxoaren 14tik 18ra egingo dute XXXII. Dferia, Donostiako Arte Eszenikoen Feria. Legatua izango da ildo nagusia, Mai Egurza artista zendu berriarena da irudia eta Danimarka herrialde gonbidatua. Horrela, herrialde horretako ordezkaritza nabaria izango du programazioak, Danish Arts Foundation eta Danimarkako Enbaxadaren bidez.
Orotara, 31 konpainien, 31 ikuskizun eta 42 emanaldi izango dira hiriko hainbat antzeztokitan. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen kopuru handi bat (%74) estreinaldia izango da modu batean edo bestean: bi mundu mailan, hiru estreinaldi estatuan eta hemezortzi Euskal Herrian.
Diziplinei dagokienez, %48 dantza izango da, beste %46 antzerkia, zirku ikuskizun bat eta diziplina anitzeko beste bat. Konpainien jatorriari dagokionez, atzerriko konpainiak Italiatik, Taiwanetik, Danimarkatik eta Argentinatik datoz.
Danish dance theatre konpainiaren Bloody Moon ikuskizunak inauguratuko du Dferia, martxoaren 13an, Viktoria Eugenia antzokian. Euskal Herriko konpainiek eta artista donostiarrek ere lekua izango dute. Aipatzekoak dira, besteak beste, Arizona (Txalo Produkzioak) —Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreekin—, 52 hertz (Ados Teatroa) –Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia aktoreekin, besteak beste—, Cantando bajo las balas (Luna Hiena) –Ane Gabarain aktore protagonistarekin—, Tupper (Osa + Mujika), Itzulera (Dejabu) eta Desobedientes 18/98 (Tanttaka Teatroa) –Miren Arrieta, Aiora Enparantza eta Klara Badiola aktoreekin, besteak beste—.
Egitaraua osorik kontsulta daiteke feriaren webgunean. Sarrerak, berriz, hilaren 19tik aurrera eskuratu ahalko dira webgune horretan bertan, eta Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Dena dela, Donostia Kulturako bazkideek hilaren 18an bertan erosteko aukera izango dute. Gainera, aldez aurretiko erosketek deskontu bereziak izango dituzte, urtarrilaren 16ra arte.


