Galdu den Donostia batetik bidalitako postalak
Luis Pepe Stinuz egilea eta Michelena inprentako Nagore Michelena, aurkezpenean.Maitane Aldanondo 1962an Bordelen unibertsitate ikasketak egiten ari zela igande goizetan Place Meriadecken zegoen azokara joateko joera zuen Luis Pepe Stinus Saez donostiarrak (Erdialdea, 1944). Han, 1902 eta 1930 bitartean Donostian egindako irudiak zituzten postal zaharrak, ugariak eta merkeak salgai izaten zituzten. Bildumazalea haiek batzen joan zen eta hamar bat urtean 400 bat eskuratu zituen. Azaldu duenez, hona bueltan ingurukoei kontatzean, haiek ere gauza bera egiteak aukera mugatu zion. Graficas Michelenaren eskutik, Donostia postalez postal (1902-1930) monografikoan jaso du lagin bat.
Michelenako arduradunak eta Stinus azken honen arbasoetako batzuk agertzen diren monografikoez hitz egiten ari zirela, bere pasio handietako bat topatu zuten: Donostiari buruzko argazki materiala biltzea. Ez zuen zalantzarik izan zenbaki hau ilustratzeko bere postal bilduma baliotsua eskaintzeko. 400 postal baino gehiagoko bilduma du eta interesgarrienak iruditu zaizkienak aukeratu dituzte. Batzuek elkarren artean antzekoak badirudite ere, bakoitzak bere xehetasunak ditu, berezi egiten dituztenak.
Inprenta 1992an hasi zen Gabonetan monografiko bat argitaratzen. Stinusena bildumako 33. da, eta zoriak keinu txiki bat egin nahi izan dio, Bordele parte den departamentuak, Gironde, zenbaki hori baitu.
Orriz orri, duela mende bat baino gehiagoko hirian barrena bidaia egiteko aukera ematen du liburuak. Donostiako txoko enblematikoak erakusten dituzte: Foruen Pasealekua, antzinako Zurriolako Plaza, Gran Kursaal, hondartzak, portua eta hiria inguratzen duten mendialdeak. Bitxikeria gisa, mezua aurrealdean idatzita duten postalak 1905 urtearen aurrekoak dira. Ordura arte, irudiaren bestaldean idazten ziren hartzailearen datuak. Urte horretatik aurrera, berriz, bitan zatitu zen mezua eta helbidea idazteko tartea eginez.
Postalez postal, jaioterriaren garapen arkitektonikoa ikus daiteke, bereziki, Gros auzoarena, orain lekualdatuak edo desagertuak diren monumentuak. Aurkezpenean aipatu du Santa Katalina zubiak jatorrian bost arku zituela ikus daitekeela, horietako bat, egun, Euskadi plazak ordeztu du; Padre Larroca kalean, berriz, solairu bakoitza estilo batekoa duen eraikin bat dago, eta bitxikeria gisa, alderantziz errebelatutako bi irudi ere. Bat, Louit txokolate fabrikak inprimatu eta propaganda gisa baliatutakoa da.
Koadernaketa moduak, gainera, ahalbidetu egiten du liburua erabat zabaltzea, patxadaz eta ondo ikuskatzeko; eta aukera estetiko gisa, album itxura emateko, barruan marko bat eta uztaiak marraztuta ditu. Postalen oinak beharrean, postalei laguntzeko prestatutako testuekin atondu dute liburua, orriz orri hiriaren historian barrena bidaia grafikoa eginez.
Liburua salgai egongo da Hontza eta Donosti liburu dendetan, baita Graficas Michelenaren webgunean ere, 23 eurotan. Halaber, Donostia Kulturako liburutegian ere eskuragarri egongo da.


