Hilabetean, Donostian, kale egoeran bi pertsona hil direla salatu dute: «Ez da kasu isolatua, kapitalismoaren ondorio zuzena da»
Hainbat eragiletako kideak zein norbanako ugari elkarretaratu ziren Easo plazan astearte iluntzean, goizean bertan hildako etxerik gabeko pertsonaren egoera salatzeko.Joseba Parron San Sebastian “Kasu isolatu bat izatetik harago, kapitalismoaren ondorio zuzena da”. Donostian hilabete bakarrean bi pertsona hilik agertu direla salatu dute bart, 50 bat lagunek Easo plazan. Izan ere, atzo goizean, hilik agertu zen kale egoera zegoen gizon bat bertako kioskoan.
Udalak esan zuenez, “kausa naturalengatik” hil zen gizona, baina hainbat eragilek erantzun zuten “egiturazko arazoa” dela honakoa, eta protesta antolatu zuten.
Saretxe Groseko etxebizitza sindikatuak zabalduriko oharrean, duela bi aste Agustindarren eraikinetik kaleratutako 100dik gora pertsonekin lotu dute gaia: “Udalak, egoeraren aurrean, neurri eraginkorrak eskaini beharrean, partxe batzuk soilik eskaini zituen”. Gehitu dutenez, “gaur egun 500dik gora lagun bizi dira, Donostian, kale egoeran, eta bitartean gure hirian, 1.000 etxebizitza hutsik daude”.
Saretxek aldarrikatu duenez, arazoa ez da konponduko arazoa errotik heltzen ez den bitartean: “Hau da, etxebizitzak kapitalismoan hartzen duen merkantzia izaera”. Honela, borrokara deitu dute “etxebizitzarako sarbide” unibertsala lortzeko bidean.
Elkarretaratzea ondorengo eragileek babestu zuten, besteak beste: Saretxe, Donostiako Kontseilu Sozialista, Gipuzkoako EHGAM, Donostiako Bilgune Feminista eta Donostiako Ernai. EH Bilduko eta LABeko ordezkariek ere parte hartu zuten elkarretaratzean, besteak beste.
Manifestazioa larunbatean
Kontseilu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia deitua zuten atzo goizean, azaroaren 20an etxerik gabeko pertsona bat kalean hil zela salatzeko, eta gertakari lazgarri horren aurrean udalak “ezikusiarena” egin duela gaitzesteko. Atzo bertan, ordea, ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago jakin dute kale egoeran bizi zen beste lagun bat hil dela goizean Easo plazan. Bi gertakariak salatzeko, igandean, hilak 21, manifestazioa egingo dute Bulebarretik abiatuta, 12:30ean.


