Realak adabakia jarri dio errealitateari
Txuri-urdinak kopako final-zortzirenetarako sailkatu dira Lehen Federazio Mailako Eldense luzapenean kanporatuta (1-2).
Pablo Marin jokalaria kanporaketako gol erabakigarria ospatzen.Reala Irabaztea eta aurrera egitea zen helburu bakarra, eta hori lortu zuen Realak atzo, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Partida txarra jokatu arren, Eldense gainditu ahal izan zuten azken minutuetan (1-2). Gainera, zaleek gehiegi estimatzen ez dituzten Luka Sucic eta Pablo Marin erdilarien golekin. Merezimenduaz harago, txuri-urdinak final-zortzirenetarako sailkatu ziren.
Ion Ansotegi behin-behineko entrenatzaileak eskura zituen jokalari onenak zelairatu zituen, bestelako hamaikakoa espero zitekeen arren. Tamalez, titularrek eta kalitatea badutela erakutsi duten jokalari batzuek ez zuten maila eman. Desagertuta eta gogo gutxirekin aritu ziren Brais, Kubo, Soler eta Zakharyan. Aldiz, beste erritmo bat erakutsi zuen Guedesek, eta haren partaidetza erabakigarria izan zen, bigarren goleko pasea berea izan zelako. Gola egiteko ere aukera ugari izan zituen.
Hutsean iritsi ziren partidaren azken hamabost minutuetara, eta luzapena jokatu beharko zutela zirudien arren, aulkitik atera zen Sucic erdilariak egin zuen txuri-urdinen lehen gola. Eldenseren akatsa baliatu zuen. Ordea, hurrengo jokaldian berdindu zuten etxekoek, eta aipaturiko luzapenera iritsiko zirela pentsatu zuten askok. Zorionez, Marinek, hau ere aulkitik aterata, etxekoen beste hutsune bati esker egin zuen gol erabakigarria. Dena dela, albisterik onena Lander Astiazaran gaztearen debuta izan zen. Neurketaren bukaeran, haren gurasoekin besarkatu zen harmailan, eta hunkigarria izan zen.
Kopan aurrera egin arren, Realak duen egiturazko arazoa agerian geratu zen, beste behin ere. Ez dirudi berehalakoan konponduko denik, eta lan asko du aurretik etorriko den entrenatzaileak. Baita Ansotegik ere, ligan Levanteri irabazteko taldeak askoz ere meritu gehiago egin beharko dituelako.


