Bera Bera liderra sasoiko itzuli da
Europako galera ahaztuta eta selekzioen etena gaindituta, Donostiako eskubaloi taldeak aste berean ligako bigarren partida jokatuko du.
Bera Bera Malagaren kontrako garaipena ospatzen, Gaskan.Bera Bera Denboraldiko hirukoa lortzea baino ez du eskura Bera Berak. Liga eta kopa dira erronkak, eta aurrenekoa oso serio hartu dute. Lidergoan joan ziren etenaldira, eta modu berean itzuli dira, herenegun, Malagari Gaska kiroldegian irabazi ziotelako (31-28). Azken urteotan arerio zuzena izan dena menderatzea garrantzitsua izan zen Donostiako eskubaloi taldearentzat. Bihar, ligako beste neurketa bat jokatuko dute Valladoliden pistan (19:00), eta lidergoa egonkortzeko baliagarria izan daiteke.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilak lehiara bueltatuko dira bihar etxean, Milenio Panthers errioxarren aurka (21:10). Partida baten faltan, sailkapenean postu batzuk galdu dituzte, baina goranzko joera berreskuratzeko aukera paregabea izango dute. Aldiz, neskek atsedena izango dute.
Futbolean, Realak kopan aurrera egin ondoren, ligako norgehiagoka garrantzitsuagoa izango du. Bai ala bai irabazi behar den horietakoa. Zuloan sartuta dagoen Levanteren zelaian ariko dira bihar, 16:15ean. Ion Ansotegi behin-behineko entrenatzailearen aginduetara ariko dira, berriz ere. Mikel Oiartzabal kapitaina eta Orri Oskarsson aurrelaria jokatzeko moduan izango dira, eta akaso bi pieza garrantzitsu izan daitezke ezinbestekoa den garaipena lortzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek bi porrot pilatu ditu jarraian, eta bolada txar hori eteten ahaleginduko dira. Leganes hartuko dute bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Koska batzuk beherago daude sailkapenean madrildarrak, baina Azu Muguruzaren neskek sentsazio onak berreskuratu beharko dituzte sasoiko zortzigarren garaipena eskuratzeko. Bestalde, Gipuzkoa Basketek azken lau partidak jarraian irabazi ditu, eta agerikoa da Sergio Garciak gidaturiko taldeak neurria hartu diola txapelketa. Bosgarrena eskuratzeko, Ourense gainditu beharko dute bihar haien pistan (19:00).
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Valladolid – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 13. jardunaldia
- Txuri Urdin – Milenio Panthers (bihar, larunbata, 21:10)
Futbola
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Levante – Reala (bihar, larunbata, 16:15)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Leganes (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 13. jardunaldia
- Ourense – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:00)


