Pellegrino Matarazzoren esku utzi dute Reala
Pellegrino Matarazzo entrenatzailea. Urteko azken neurketan, Levanteren kontra berdindu ondoren (1-1), Realak lehen taldea gidatuko duen entrenatzaile berria iragarri du: Pellegrino Matarazzo (New Jersey, AEB, 1977). Jokin Aperribai presidentearen garaiko hamargarrena da. 2026-2027ko denboraldi amaiera bitarte sinatu du. Gaur, Realaren bigarren taldearen neurketa ikusiko du, eta, bihar, astelehena, aurkeztuko dute Anoetan, 16:00etan.
Matarazzoren aldeko apustua egin du kirol zuzendaritzak, nahiko ezezaguna eta esperientzia gutxikoa den arren. Raynald Denoueix eta Philippe Montanier entrenatzaile frantziarren kasuak gogora ekar ditzake, besteak beste. Estatubatuarrak urtebete darama talde bat entrenatu gabe.
Orain arte, Alemanian garatu du bere ibilbidea Matarazzok. Nurenbergeko harrobiko taldeekin hasi zen lanean. Ondoren, Hoffenheimen taldean aritu zen 2017an, Julian Nagelsmann entrenatzailearen laguntzaile gisa. Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren. 2019an, berriz, Bundesligara igo zuen Stuttgart, eta gutxira kargugabetu zuten emaitza txarrengatik. Azkenik, Hoffenheim gidatu zuen ia bi denboraldiz, eta Europa Ligarako sailkatu zuen taldea. Aldiz, iazko azaroan kendu zuten kargutik.
Estatubatuarrak lan asko egin beharko du Realaren egungo egoera nabarmen hobetzeko. Txuri-urdinen 2025. urtea txarra eta kezkagarria izan da, eta maila eusteko askotariko aldaketa behar ditu. Batetik, taldearen lehiakortasuna eta gaitasuna berraktibatzeko, eta, bestetik, jokalari garrantzitsuen ekarpena berreskuratzeko.


