Epaileak Azorako familia baten etxegabetzea gelditu du Saretxe etxebizitza sindikatuaren borrokari esker
Saretxeko kideak, martxoan, Isaac Lagosen epaiketaren atarian bildu ziren Donostiako epaitegian. Saretxe Isaac Lagos eta bere familia Azorak Grosen dituen pisuetako batetik etxegabetuak izateko arriskuan egon dira azken hilabeteetan, alokairuaren errentaren ordainketan atzeratu egin zirelako. Azkenean, epaileak Saretxe Etxebizitza Sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa onartu du eta etxegabetzea behin-betiko gelditzea erabaki du. Hemen irakur dezakezu epaiketa garaian Lagosi egindako elkarrizketa.
Lagos eta bere familia 2020tik bizi dira etxebizitza berean. Hasieratik, alokairu baldintzak okertzen joan zitzaizkien: funts putreak hasieran adostutako errenta igo zieten, ondoren ordainketa ezaren aseguru bat ordaintzera behartu zituzten —legez, “zalantzazkoa” dena Saretxeren ustetan—, eta, horren ondorioz, espero baino askoz diru gehiago ordaindu behar izan zuten hilero. Salatu dutenez, gainera, funts putreak ez zituen etxebizitzaren mantentze lanak bermatu: galdararen matxurak, hezetasunak eta filtrazioak konpontzea bere gain hartu behar izan zuen familiak, nahiz eta legearen arabera, jabearen ardura izan.
2020an, Azora putre funtsak Inmobiliaria Vascongada eskuratu zuenetik, egoerak “okerrera” egin du. Bizilagunen eta etxejabearen arteko harremana erabat “deshumanizatu” da: “Konponketak eskatzeko Madrilera deitzera behartzen dituzte, erantzunik jaso gabe askotan, eta tramite guztiak plataforma digitalen bidez egitera bideratzen dituzte, inolako jarraipenik gabe”. Horrek zuzenean eragin du pisu hauetan bizi diren familien bizi baldintzetan, eta baita osasunean ere.
Saretxerekin batera alokairu greba partziala
Testuinguru horretan, Lagos Saretxe Etxebizitza Sindikatura hurbildu zen, Groseko eta Amarako bizilagunekin batera, alokairuaren greba partzial batean parte hartzeko; eta ordainketa ezaren aseguruari uko egin zioten, abusutzat jotzen zutelako. Borroka kolektibo horren ondoren iritsi zen etxegabetze agindua, 2025eko otsailaren 3an, inolako aurre-abisu negoziaziorik gabe.
Formalki, kaleratzea hilabeteko ordainketa batean izandako atzerapen batean oinarritu zuten. Hala ere, Saretxetik argi dute benetako arrazoia bestelakoa dela: Lagos ordainketa ezaren asegurua ordaintzeari uko egin zion bizilagunetako bat izatea eta antolatuta borrokan aritzea.
Epaiketa prozesua “gogorra eta etsigarria izan da”, sindikatuaren esanetan. Aurkeztutako frogak gorabehera, lehen ebazpenean epaileak enpresaren alde egin zuen. Horren aurrean, Saretxeren babesarekin, errekurtsoa aurkeztu zen; eta azkenik, epaileak onartu du, etxegabetzea bertan behera utziz.
Borrokan jarraitzeko prest
Gaur egun, Lagos bere emaztearekin, 9 urteko semearekin, 19 urteko semeordearekin eta koinatarekin bizi da etxebizitza horretan. Familiak argi du borrokarekin jarraituko duela: “Etxegabetzea gelditu izana arnasa da, baina ez da garaipen pertsonal bat; garaipen kolektiboa da. Antolatuta egoteak salbatu gaitu. Orain, gehiegizko klausulak ezabatzeko jarraituko dugu borrokan”, adierazi du Lagosek.
Saretxe etxebizitza sindikatuak berriro azpimarratu nahi du kasu honek erakusten duela etxebizitza eskubidea defendatzeko eta kapitalismoan duen merkantzia izaera borrokatzeko tresnarik eraginkorrena antolakuntza dela, eta dei egiten die egoera berdinean dauden bizilagun guztiei sindikatura hurbiltzera.
View this post on Instagram


