Entrenatzaile berria, garaipen ziurra?
Realak etzi ekingo dio urteari Anoetan, Pellegrino Matarazzo aulkian eta Atletico Madril aurrez aurre duela (21:00).
Matarazzo entrenatzailea, laguntzaileekin, jokalariekin hizketan. Reala Ez da zaila izango 2025. urtea ahaztea Realarentzat, ahaztezina izan zelako. Urte berri onaren desioa betetzeko, gizonezkoen lehen taldeak sekulako erronka du aurretik. Pellegrino Matarazzo entrenatzaile berriarekin, urtarrileko aldapari hasiera emango diote igandean, Anoeta futbol zelaian (21:00). Atletico Madrilen kontra ariko dira, ligako laugarren sailkatua, eta etxetik kanpo nahiko ondo moldatzen ari dena. Realak, berriz, ezinean bukatu zuen pasa den urtea, baina beste jarrera batekin eta garaipenarekin hasi nahi dute 2026a. Ez da erraza izango, noski, baina beste esaera batek dioena lortzen ahaleginduko dira: entrenatzaile berria, garaipen ziurra?
Eskubaloian, Bera Berak hilaren 10ean berreskuratuko ligako martxa. Gaur, berriz, Euskal Kopako finalaurrekoa jokatuko dute Zarautzen kontra, Aritzbatalde kiroldegian (19:30). Beraz, etxeko taldea gainditu beharko dute finalera iristeko. Irabazten duenak Zuazoren kontra jokatuko du kopa, Ermua menderatu zutelako beste finalaurrekoan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek azken euskal derbiak utzitako zapore garratza kentzeko aukera izango du etzi (12:00). Gernikaren aurkako porrota zorte txarrak baldintzatu ostean, Araski arabarrak hartuko dituzte Gaska kiroldegian. Bost neurketa jarraian galdu dituzte donostiarrek, eta sailkapeneko lehen postuetatik nabarmen urrundu dira. Bestalde, Gipuzkoa Basketek garaipen sorta ederrarekin bukatu zuen iragan urtea, eta modu berean hasi nahi dute 2026a. Sei partida jarraian irabazita, sailkapeneko seigarren tokian daude. Zazpigarrena Mallorcaren pistan eskuratu beharko dute, etzi, 18:00etan.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala – Atletico Madril (etzi, igandea, 21:00)
Eskubaloia
Euskal Kopa, finalerdiak
- Zarautz – Bera Bera (gaur, ostirala, 19:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Araski (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 15. jardunaldia
- Mallorca – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 18:00)
