Lyndie Tchaptchet nafarrak Bera Bera utziko du sasoiaren amaieran
Tchaptchet jokalaria, Dijonen kontrako norgehiagokan.Bera Bera Bera Bera eskubaloi taldeak 2026-2027ko denboraldia prestatzen hasia da, eta gaur jakinarazi dutenez, Lyndie Tchaptchet pibote nafarrak ez du jarraituko. Txapeldunen Ligan helburu handiak dituen klub baten eskaintza onartu duela gaineratu dute.
2023-2024ko denboraldian fitxatu zuten Tchaptchet, eta, ordutik, Bera Beraren arrakasten parte garrantzitsu bat izan da. Guztira, zazpi titulu –bina liga, kopa eta superkopa—, eta aurtengo Iberiar Superkopa. 101 neurketa jokatu ditu donostiarrekin; 34 lehen denboraldian, 49 bigarrenean, eta 17 aurtengoan. Dena dela, klubaren helburua da 39ra iristea. Golei dagokienez, 283 daramatza Bera Berarekin.
Espainiako selekzioarekin 2024ko urrian egin zuen debuta, eta dagoeneko hainbat txapelketa jokatu ditu: Europakoa 2024an, eta iazko Alemaniako eta Herbehereetako Munduko Txapelketa. Selekzioarekin 22 neurketa daramatza eta 40 gol. Erakutsitako maila ona dela eta, Europako klub indartsuen interesa sortu du.
Bera Berak esker oneko hitzak eskaini dizkio Tchaptcheti: “Atarrabiako jokalariaz gozatuko dugu denboraldi hau amaitu arte, bai bere giza kalitateaz, bai kirol kalitateaz, eta zorterik onena opa diogu hurrengo erronketan. Aurretik, Bera Beraren helburu nagusiei erreparatuko die: liga erregularra irabaztea, maiatzean Donostian jokatuko den Espainiako Kopa eta ligako titulurako kanporaketetan onenak izatea”.
Asiako lehena
Hilaren 5ean iritsiko da Donostiara Sora Ishikawa jokalari japoniarra. Haren fitxaketa abenduaren 21ean iragarri zuen klubak, eta Bera Beraren historiako lehen jokalaria asiarra izango da. 2027ko maiatzera bitarteko kontratua sinatu du donostiarrekin. Ishikawak 23 urte ditu, eskuin hegalean jokatzen du eta Norvegiako Molde taldetik dator maila ona eman ostean.
