Heldu dira Errege Magoak Donostiara!
Udaletxean harrera egingo dute 15:30ean hasita eta ohiko desfileari 18:00etan ekingo diote.
Antzoki Zaharrean egin dute eguneko lehen geldialdia Errege Magoek.Maitane Aldanondo Heldu dira Ekialdeko Errege Magoak hirira; gau lanpetua izango badute ere, egunean zehar hainbat jarduera aurrera eramango dituzte donostiarrak agurtzeko eta haien gutunak jasotzeko. Lehen geldialdia, Antzoki Zaharrean egin dute, 10:30ean, eta ordua baino lehen Kale Nagusia bete dute hirukote magikoa ikusi nahi zutenek. Eta ez ziren gutxi. Urduritasuna nabari zen txikienen artean, eta berandu zebiltzala ikusita, deika hasi zaizkie, bakoitzak bere kutunari, Meltxor, Gaspar eta Baltasar oihukatuta. Ane Oiarbide alkateordea ere.
Irten dira, agurtu dituzte, muxuak eta gozokiak bota dizkiete behetik begira zituztenei, eta dantza egin dute balkoian egon diren bost minutuetan. Gero, txarangak bidea zabaldu die, eta gutunak biltzen aritu diren laguntzaileekin batera, jendeak egindako korridorean barrena joan dira, albo banatan zituztenak agurtuz. Igo dira kapotarik gabeko kotxera eta handik ere gozokiak, muxuak eta agurrak banatu dituzte. Orain, auzoz auzo ibiliko dira goizean zehar: Erdialdea eta Amara Berri zeharkatuta, Loiolako Erriberara joango dira, Maria Zanbrano plazan dauden haur guztiak agurtzera (11:20ak aldera). Ondoren, Txomiñeneko Arteleku plazan egingo dute bigarren geldiunea (11:55ean), Intxaurrondoko Sagastieder plazara jo aurretik (12:30an). Handik, Altzako Harria parkera joango dira (13:05ean), eta Herrera zeharkatuta, Donostiako saihesbidea hartuko dute Antiguako Simona Lajust plazara bidean. (13:40). Antiguako haurrak agurtuta, Kontxa pasealekua, Zubieta kalea, Askatasuna hiribidea eta Argentinar Errepublika kalean barrena, Alderdi Ederrera iritsiko dira, zain izango dituzten haur guztiak udaletxeko terrazatik agurtzeko (14:15ean).
Arratsaldean, harrera eta desfilea
Atseden pixka bat hartu ondoren, Errege Magoak udalbatzar aretoan eseriko dira haurrei harrera egiteko. 15:30en hasiko dute, eta urtero moduan, Alderdi Ederreko terrazako sarbidean dagokion ilara ezarriko dute. Gutuna emateko ilara 17:10ean itxiko dute. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta, eta zeinu mintzaira dakien pertsona batek parte hartuko du ere. Ondoren, ohiko desfileari ekingo diote, 18:00etan. Ibilbidea honakoa da: Bulebarra, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, Bulebarra.
Bost karrozak parte hartuko dute: Jaiotzaren karroza, Maria, Jose eta Jesus haurrarekin Belengo atarian; Meltxor erregearen karroza —zaldi fantasiaren gaia aukeratu du—; Gaspar erregearen karroza —Egiptoko zibilizazioan inspiratuta—; Baltasar erregearen karroza—Afrikako faunan oinarrituta—, eta, azkenik, beste urtebetez desfilean parte hartu nahi izan duten buruhandien karroza —pinturaren eta margolarien munduan inspiratutakoa—. Halaber, Errege bakoitzarekin batera pajeek eta desfileari kolorea eta musikoa jarriko dioten hainbat animazio talde joango dira. Eta nola ez, gau magiko horretan pisu altuenetara iristea lagunduko dieten suhiltzaile talde batek itxiko du desfilea.
Desfilean zehar Errege Magoek 2.000 kilo gozoki botako dituzte, guztiak zeliakoentzat egokiak. Era berean, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako bi leku jarriko ditu Donostia Kultura Festak-ek, bat, Alderdi Ederren, eta bestea, Urbieta kalearen amaieran —Prim kalera bira egin aurretik—. Ibilbidea amaituta, hirukoteak Alai Etxe, San Jose de la Montaña eta Villa Sacramento zahar etxeak bisitatuko ditu.


