Zazpigarren partida jarraian irabaztearen balentria
Gipuzkoa Basket saskibaloi taldea bolada oso onean da, eta bigarren mailako ohorezko postuetara hurbiltzen ari da.
Gipuzkoa Basketen eta Mallorcaren arteko neurketa.Palmer Basket Mallorca Garaipen bat bestearen atzetik kateatzeko modua topatu du Gipuzkoa Basketek. Denboraldia ezinean hasi zuten arren, taldea egonkortu ahala hasi ziren partidak irabazten. Ordutik, zazpi dira jarraian lortu dituzten garaipenak. Atzo, Mallorca azken sailkatua hartu zuten mendean, haien pistan, kostata izan bazen ere (63-71). Beste behin ere, Tanor Ngom pibot senegaldarra izan zen donostiarren jokalari esanguratsuena. Hamalau partida jokatuta, zortzi irabazi ditu Gipuzkoa Basketek, eta bigarren mailako sailkapenaren seigarren tokian daude.
Ibaeta Basketek, berriz, burua altxa ezinda jarraitzen du. Galdu egin zuten, berriz ere, azken laurden eskas baten ondorioz. Oraingoan, Araski arabarren aurrean amore eman zuten (50-55). Horrela, bigarren euskal derbia jarraian galdu zuten Azu Muguruzak gidaturikoek. Sasoia ondo hasi bazuten ere, azken jardunaldietan pilaturiko porrotengatik nabarmen egin dute behera sailkapen nagusian. Zazpigarren postuan daude, zazpi partida irabazita eta beste zazpi galduta.
Futbolean, Realak berdinketa garrantzitsua eskuratu zuen atzo, Pellegrino Matarazzo entrenatzaile berriaren estreinaldian. Txuri-urdinek Atletico Madrilen kontra berdindu zuten, Anoetan (1-1). Taldeak eta jokalariek beste jarrera bat erakutsi zuten. Batez ere, intentsitate maila handiagoa, eta horri esker, hiru puntuak oso gertu izan zituzten. Ordea, ohiko mamuek kolpatu zuten taldea. Ate aurrean asmatzen ez denean, eta norberarenean hutsak egin, zaila da asmatzea. Epaileak Sorlothek Atleticoren atean sarturiko gol bat baliogabetu zuen, jokaldian Brais jokoz kanpo zegoelako. Erabaki grisa izan zen. Bigarren zatian, arerioa aurreratu zen markagailuan Sorloth txuri-urdin ohiaren gol batekin. Gutxira, ordea, Guedesek berdindu zuen norgehiagoka. Irabazteko aukerak ere izan zituen Realak, baina ez zen bigarren gol hori iritsi. Berdinketarekin, bi puntura dituzte txuri-urdinek jaitsiera postuak.
Eskubaloian, Bera Berak Euskal Kopako finalera sailkatzea lortu zuen, finalerdietan Zarautz nahiko erraz gaindituta (15-34). Tamalez, Arroyok ezker orkatilean min hartu zuen, eta ikusteko dago zein izango den lesioaren eboluzioa. Donostiarrek Zuazo bizkaitarren kontra jokatuko dute finala.
EMAITZAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 15. jardunaldia
- Mallorca 63 – Gipuzkoa Basket 71
Emakumezkoen lehen maila, 14. jardunaldia
- Ibaeta Basket 50 – Araski 55
Futbola
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala 1 – Atletico Madril 1
Eskubaloia
Euskal Kopa, finalerdiak
- Zarautz 15 – Bera Bera 34


