Etxe turistikoen lizentzien emakida «muturreraino» murriztuko du udal gobernuak
Aurrerantzean, ezinezkoa izango da ostatu establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko lizentziak ematea.
Donostiako etxebizitza turistiko bat iragartzen duen plaka. Inaxio Esnaola Donostiako Udalako Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onartu du hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aldaketa, ostatu erabilerak eta turismo establezimenduak —hotelak, ostatuak, etxe turistikoak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak, erabilera turistikoko etxebizitzetako logelak eta abar— ezartzeko arauak berregokitzea helburu duena. Hori dela eta, legeak baimentzen duenaren barruan, etxe turistikoen lizentzien emakida “muturreraino” murrizten dela nabarmendu du Jon Insausti alkateak.
Aldaketak udal taldeen “adostasun zabala” jaso duela dio udalak, eta berme juridikoak betetzen dituela. Era berean, hiriko bizitegi lursailak babesten dituela adierazi dute, etxebizitza aurreikuspena dagoen lekuetan etxe turistikorik ez dagoela bermatuz.
“Donostiak behin betiko lege tresna du, Estatuan aitzindaria dena, erabilera turistikoko hotel eta etxebizitzen sorrera arautzeko, eta horrek bizikidetza orekatua ahalbidetuko digu, baina donostiarrei lehentasuna emanez beti. Hori da hiria egitearen adibide garbia, herritarren bizi-kalitatea babesteko beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak jarriz”, azaldu du Insaustik.
HAPOaren aldaketak, bi eremu bereizten ditu hirian. Batetik, hirigintzako lursail guztien etendura orokorra ezartzen du, horien kalifikazio xehatua alde batera utzita, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaeta auzoetan. Bestetik, hiriko gainerako bizitegi lursailetan baino ez da aurreikusten etenaldia. Parte Zaharra, berriz, etenaldi horretatik kanpo dago, eremu asea delako 2020tik. Horrekin batera, neurri honetatik kanpo geratzen dira lurzoru urbanizaezinean ezar daitezkeen kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak.
“Etenaldiaren ondorioz, ezinezkoa izango da ostatu establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko lizentziak ematea, bai eta dagozkion obrak egitea edo lehendik daudenak handitzea ere”, esan du du Insaustik.
Tokiko Gobernu Batzordean onartu ostean, urtarrilaren 15eko batzordeetan landuko dute HAPOaren aldaketa, eta urtarrileko udalbatzarrean onartuko dute behin betiko.


