Bandera igoeraren mendeurrena ospatzeko berritasunak aurkeztu dituzte
Xabier Anduaga tenoreak eta aurtengo Urrezko Danborrak 'San Sebastian martxa' abestuko du Plaza Berriko oholtzan, hilaren 19an.
Xabier Anduaga eta Jon Insausti, udaletxe zaharreko balkoian.Donostiako Udala Gero eta gutxiago falta da San Sebastian egunerako, eta aurtengoa “oso berezia” izango dela adierazi du Jon Insausti alkateak. Hain zuzen ere, hilaren 19an, 100 urte beteko dira Donostiako Udalak hiriko bandera aurreneko aldiz igo zuenetik.
Mendeurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte, Bagera! 100 urte beti alai lelopean, eta horien berri eman du alkateak Plaza Berriko udaletxe zaharrean egindako agerraldi batean. Xabier Anduaga tenore donostiarra eta aurtengo Urrezko Danborra izan du alboan. Izan ere, Anduagak San Sebastian martxa abestuko du San Sebastian egunaren bezperan, hilaren 19an. Donostiako Orfeoiarekin bat egingo du Plaza Berriko oholtzan.
Kartela, logoa eta musika piezak
San Sebastian eguneko kartel berezia aurkeztu dute, Roskow artista donostiarrak egin duena. Horrekin batera, aipaturiko leloa jasotzen duen logoa erakutsi dute, eta harekin milaka pin fabrikatuko ditu udalak San Sebastian egunean parte hartzen duten haur, gazte, heldu eta, oro har, herritarren artean banatzeko.
Beste berritasun bat ere iragarri du alkateak. Joselontxos txarangak danborradan jotzen diren pieza eta ereserki guztiak grabatu ditu, eta horiek eskura jarriko ditu udalak. “Ondare musikatua gordetzea izan da honen helburua eta entseguetan ere asko eskertu dute elkarteek”, azaldu du Insaustik.
Bestalde, San Sebastian eguna iritsi bitarteko atzera kontaketa bat egingo du udalak, larunbatean, hilaren 10ean, hasita. Egun bakoitzeko, bideo motz bat zabalduko dute sareetan, danborradaren parte diren pertsonak, momentuak eta emozioak erakusteko. “Ehun urtetan bizipen asko izan dira ilusio beraren inguruan, eta horietako batzuk berreskuratuko dira datorrenaren ikusmin are eta handiagoa sortzeko”, esan du alkateak.
Esker ona
Aipatu moduan, Anduagak jasoko du aurtengo Urrezko Danborra, eta esker ona adierazteko, Donostiarekin eta donostiarrekin ospatzeko beste modu bat aukeratu du: “Alkateak deitu ninduenean, Donostiari zerbait eman behar niola pentsatu nuen. Askok pentsa zezaketen urtarrilaren 20an abestuko nuela, Urrezko Danborra jasotzean. Ordea, aproposagoa iruditu zitzaidan, bezperan, bandera igoeran kantatzea”.
Horrela, bere bizitzako “egunik garrantzitsuena” Donostiarekin bizi nahi duela esan du Anduagak: “Donostiako Orfeoiarekin batera abestuko dut oholtzan, eta ederra da niretzat, nire etxea delako. Nire lehen pausoak haiekin eman nituelako. Gainera, Juanjo Oconek zuzenduko du Orfeoia, eta niretzat ere oso berezia da, ‘San Sebastian martxa’ berak moldatu zuelako”.



