Atotxako frantziskotarrek ehun urte bete dituzte, Egia ehuntzen
1926ko maiatzaren 12an inauguratu zuten egun Mandasko Dukearen pasealekua denean San Frantzisko eta Santa Magdalena eliza-komentua. Egia auzoa sortzeko bidean zen eta parrokiaren historiaren eskutik egin zuen, hein handi batean.
Hamarkadetan auzoaren bizitzan zeresan nabaria izan du parrokiak.Kutxa Fototeka Atotxa-Egia auzoari estu lotuta egin du XX. mende osoa San Frantzisko eta Santa Magdalena eliza eta komentuak. 1923an lehen anaia heldu zenetik, frantziskotarrek aparteko eragina izan dute inguruan, hainbat elkarte sortuz eta gidatuz, langileen eta herritarren komunitatea saretze aldera.
Joseba Intxausti segurarrak Un convento en la ciudad. Crónica del siglo XX liburu mardulean jaso zuen luze eta zabal parrokiaren sorrera eta bilakaera. Baita zenbait gertakari komentu barrutik nola bizi izan zituzten ere, esaterako, 1936ko gerrako bonbardaketak, exekuzioren bat, edota zuzenean eragin zietenak. Horren adibide da hileta jendetsu baten ondorioz, gobernadore zibilak eliza itxi izana. Antza, 1939ko urriaren 1ean, erregimenaren arduradunek eskatuta, Buruzagiaren Eguna ospatzeko meza egin zuten Santa Marian, eta Atotxan, ordu berean, 1936ko gerran hildako nazionalista baten alde «kontra meza politiko» bat enkargatu zuten. Frantziskotarren ordezkariak Santa Marian izan baziren ere, gobernadoreak zigortzea erabaki zuen, alderdi politiko batek eskatua izango zelakoan. Bost egun geroago, bere akatsa zuzendu zioten haren gaineko arduradunek, zabaltzeko aukera emanez.
Ez zen hileta bati lotutako polemika bakarra izan. 1979ko ekainaren 6an Gladys del Estal gazte ekologistarenera 5.000 bat lagun bertaratu ziren. Askok kaletik jarraitu zuten eta elizkizuna amaituta, istiluak izan ziren. Elizan eta komentuan babes hartu zuten askok eta parrokoak Poliziari eskatu behar izan zion jendeari irteten uztea. Oldarraldi labur baten ondoren, hala egin zuten. Urte batzuk geroago, 1986ko urtarrilean, Guardia Zibilak hildako Bakartxo Artzelus etakidearenak ere tentsioa ekarri zuen auzora.
Gizarte mugimenduei lotuta beste gertakari batzuen lekuko ere izan da. Hala, 1984ko abenduan NATO eta gastu militarren aurka Foro por el Desarme y la Paz taldeko kideek gose greba egin zuten bertan, edota Lurraldea mugimendu ekologistako kideek 1991ko azaroan aurrera eramandako itxialdia, Leitzaran bailara babestearen alde.
Mendeurrena aitzaki
Aurten eliza-komentuaren mendeurrena ospatuko dute, hain justu, Asisko San Frantziskoren heriotzaren 800. urteurrenarekin bat eginez. Lehen anaidia Tairones etxean finkatu eta hiru urtera, 1926an, zabaldu zituen ateak eliza-komentu berriak haren lurretan. Domingo Agirrebengoa arkitektoak diseinatu zituen, lursailaren aldapa moldatuz.
Eraikinaren erdian dago eliza, eta horren inguruan kokatzen dira fraideen gelak eta bestelako bizi espazioak. Hiru nabe eta arku zorrotzeko hainbat leiho ditu, beirate artistikoz jantziak. Bi koru dauzka, behekoan, Donostiako Amezua etxeak egindako organoa dago; goikoa, berriz, fraideen otoitzerako lekua da. Barruko apaingarrien artean nabarmentzekoak dira Joan Aranoa margolari bilbotarraren horma irudiak eta Gasteizko Roman Goicoechea lantegian zur urreztatuz egindako erretaula neogotikoak. 1965ean bilakatu zen egiatarren parrokia, ordura arte, Groseko San Inazio elizak zuen ardura hori.
Efemeride borobil horien harira, Mandasko Dukearen pasealekuko elizan dauden abside buruko freskoak biltzen dituen eskuorria argitaratu dute. Santos Bregaña arkitekto eta diseinatzaileak sortu du, abaniko tolesgarri baten itxuran, ondare artistiko-espirituala balioztatu eta ezagutarazteko asmoz. Aranoaren lan seinalatuenetakoak dira. 1931ean egin zituen, eta Asisko Frantziskoren bizitzako zenbait gertakari ezagun kontatzen dituzte.
Argitalpenak ondare artistikoa ezagutarazi eta zabaldu nahi du, eta eliza zaindu dutenen omenezko keinua ere bada. Liburuxka parrokian bertan eskuratu ahalko da, baita Informazio eta Turismo bulegoetan, eliza, kultur gune, denda eta hoteletan ere.


