Danborrada tradizio bilakatu dutenen 150 urteko historia bildu dute liburu batean
'Donostiarren historia bat' liburuaren aurkezpeneko argazkia.Donostiako Udala Hiriaren egun handirako atzera kontaketa abian da. Herenegun bandera igoeraren ekitaldiaren mendeurrenaren berri eman bazuen udalak, gaur, Donostiarren historia bat liburua aurkeztu du. Lana 425 Kultur Elkarteak editatu eta argitaratu du, udalarekin lankidetzan. Kresala elkarteko Elena Arrietak eta Union Artesanako Iñaki Santestebanek gidatu dute saioa eta Jon Insausti alkateak ere parte hartu du udaletxean gauzatutako agerraldian.
Argitalpenak Danborradaren nondik-norakoak azaldu nahi ditu, nola sortu zen eta nola iraun duen: ia 700 urtez izan zen hiri militarraren laburpen historiko bat, danborradaren ibilbidea eta elkarte gastronomikoetako San Sebastian bezperako afarietako menu batzuk ikus daitezke, baita Martin Berasategi sukaldariaren sei errezeta original ere. Horrekin batera, Danborradaren garapenaren eta protagonisten deskribapena ere jaso dute, lehenengo igoeraren mendeurrenarekin bat egiten.
Jose Luis Garcia egilearen esanetan, modu dibulgatzailean idatzi dute “irakurketa errazteko”, eta ez da ohiko liburua, “aurkibidea, atalak eta erreferentziak dituena”, baizik eta kontakizun jarraitu bat Danborrada ulertzen laguntzen duena, jatorritik gaur egunera. “Goza dezazuela”, opa izan die irakurleei.
Ikerketa mardula
Hain zuzen ere, alkateak nabarmendu du argitalpenak erakusten duela, edozein tradizioren moduan, 150 urteko hau ez dela egun batetik bestera egin. “Gauzek behar dute zentzua, gizarteak onartu behar ditu eta propio egin behar ditu ere. Kasu honetan, festa antolatzeko moduak, egiteko moduak, garatzeko moduak ere oso ondo adierazten dute donostiarrak nolakoak izan garen, baina baita nolakoak izan nahi dugun ere etorkizunean”.
Halaber, eskerrak eman dizkie egileei: “Sekulako ikerketa lana dago eta uste dut donostiar askok sekulako sorpresa handiak hartuko dituztela danborradaren jatorriari buruz”; baita urte guzti hauetan danborradari forma eman dioten elkarteei.
Argitalpena Tamayo paper dendan eskuragarri egongo da 18 euroan. Irabazi-asmorik gabeko elkarteen bidez ere eskatu ahal izango da, 12 euroan, 425kulturelkartea@gmail.com posta elektronikora idatzita. Gainera, hiriko danborrada guztien artean doan banatuko dira ale batzuk.
Hiru aitzindari
Festaren oinarrietako bat dira elkarte gastronomikoa, horregatik, saioa baliatu dute Danborradari egindako ekarpenagatik sorreratik parte hartu duten talde guztiei eskerrak emateko eta mugarriak ezarri dituzten hiru danborrada aitzindari omentzeko: Union Artesana, Euskal Billera eta Kresala.
Hiru horiei buruz, alkateak hitz batzuk esan ditu. Union Artesanak “komunitateari” deitzen dio, gizartearen parte hori elkarte gastronomikoen bitartez egituratu baita; Kresalak genero berdintasuni, “danborrada parekide bat” izateko pauso “ausarta” eman zutelako, eta Euskal Billera haur danborrada ateratzeko hautua egin zuelako, eta hari esker, belaunaldiz belaunaldi tradizioa pasatzeko aukera izan delako. “Omenaldi honek ondo erakusten du nolakoak izan garen, nolakoak garen, baina baita ere etorkizunean ere zein balioei eutsi nahi diegun: Nahi dugu izan parte hartzaileak, komunitatea zaindu nahi dugu, adin guztiek bat egiten duen festa bizi nahi dugu, baina bereziki, berdintasunean bizi nahi dugu”.
Aurreko data batzuetan bakarka parte hartu bazuen ere, 1876an ezarri zuen Union Artesanak danborradaren eredua, gaur egun ezagutzen dugun bezala. Ordutik hona etengabe antzeztu du azken 150 urteetan. Beraz, festaren “benetako zutabe” bihurtu da. Iñigo Mendiola presidenteak jaso ditu plaka eta liburua Insaustiren eskutik. Eskerrak eman dizkie “ohoreagatik” eta onartu du 150 urtetan danborrada eta bandera jaitsiera izan dela “ekitaldi nagusia” elkartearentzat. “Asko zaindu dugu eta gogo berdinarekin jarraitzen dugu gure ekitaldia mantendu eta aurrera jarraitzeko”, adierazi du.

Ondoren, Euskal Billerako presidente Javier Imañak, haur danborradako hiru kidek lagunduta jaso du bere plaka. 1901ean sortutako elkarteak hasieratik modu aktiboan parte hartu zuen ongintzazko lan askotan eta mota guztietako jai herrikoietan, “horregatik bi hiriko domina jaso zituen”, gogoratu du Imañak. 1906an, helduen lehen danborrada antolatu zuen, eta, txikienek festan beren lekua ez zutela konturatuta, lehen haur danborrada bultzatu zuen 1927an. Hortaz, datorren urtean mendeurrena ospatuko dute. Ekimen hau Aita Maurik, Mauricio Etxanizek, abiatu zuen, eta gaur egun ezagutzen ditugun haur danbor joleen erakustaldi handirako lehen urratsa izan zen. 35 urtez Euskal Billera bakarrik atera zen, 1961ean eskolak erta erakundeak batzen joan ziren arte.
Kresala elkartea mugarri izan zen 1980ko danborradaren historian, bere prestakuntzan emakume talde handi bat sartu baitzuen. Gainerako elkarteek uko egin bazioten ere ekimen horri, Kresalak sendo jarraitu zuen eta emakumezkoen parte hartzeari eutsi. Sortu zenetik sozietate mistoa izanik, hainbat bazkidek festan baldintza berdinetan parte hartzeko nahia adierazi zuten. Hala gogoratu du Arrietak irakurritako testu batean, Paco Sexmilo presidentearekin batera oroigarria jaso ondoren.
“Momentu zailak izan ziren haiek emakume bazkide talde batek ideia ondo landuta Javier Maria Sadaren laguntzaz eskaera egin zion zuzendaritza batzordeari, honek onartu eta aurrerabidea eman zion. Egon ziren elkartean baja eman zuten bazkide batzuk, aldiz, beste danborradak ateratzen zituzten elkarte guztiek aurka egin zuten eta alkatearengana jo zuten eskatuz Kresala ateraz gero beste danborradarik ez zela izango San Sebastian egunean. Kresalak, ordea, asmo tinkoa erakutsi zuen eta atera zen. Beste elkarteen aurretik pasatzean, ateak itxi eta argiak itzali zizkiguten, mespretxu keinu gisa. Egun hartan, beste San Sebastian egunetan ez bezala, kalea jendez beteta zegoen, gehienak txaloka eta gutxienak txistuka; oso hunkigarria izan zen. Argi utzi nahi dugu Kresalak ez zuela inoiz proposatu ezta definitu ere danborrada batek nola izan behar duen. Oso argi geneukan nola nahi genuen Kresalakoa izatea. Gaurko egunean poza sentitzen dugu saria jasotzean, baina emakumea normaltasunez parte hartzen ikustea da guretzat saririk handiena”. Sexmilok egungo festa parekideari buruz kideak esandako hitzak berretsi besterik ez du egin.


