Trafikoaren kalteak murrizteko esku hartzeak proposatu ditu udalak
Autoek eragindako arazoei irtenbidea ematea xede duten zenbait proposamen aurkeztu zizkien udalak bizilagunei duela hilabete. Esku hartzeak poztu arren, neurriei buruzko eragileen iritzia ez da bateratua.
Datozen hilabeteetan, Bartzelona etorbidean eta inguruko kaleetan esku hartzeak gauzatzea aurreikusten du udalak.Maitane Aldanondo Errepidez inguratutako auzoa izanik, Loiolako Erriberan trafikoa aspaldiko arazoa da. Autoen abiadak dakarren arriskua eta estres akustikoa jasaten dute bizilagunek, eta Donostiako Udalari irtenbidea bilatzeko eskatu diote behin baino gehiagotan. Abenduaren 9an, udalak bere proposamena aurkeztu zien auzotarrei, bilera ireki batean. Arazoa konpontzeko esku hartzearekin ados badaude ere, moduari dagokionean, iritzi kontrajarriak dituzte auzoan.
2023ko abenduan, EH Bilduren ekimenez, mozio bat onartu zuen udalbatzak, bi punturekin: mugikortasun arazoak eta zarata murrizteko neurriak hartzea Bartzelona hiribidean eta Loiolako Erriberako pasealekuan, eta mugikortasun arazoak konpontzeko neurriak auzotarrekin partekatzea. Hilabeteak aurrera joan eta bizilagunek hainbatetan galdegin arren, udal gobernuak ez die erantzun. Iazko irailean auzoko jaietan izandako ezbeharrak gaia berriro mahaigaineratu zuen. Auzo elkarteak bilera egin zuen eta hortik Erribera 30 plataforma atera zen, gunean 30 kilometro orduko abiadura ezartzea eskatzeko. Manifestazio jendetsua ere egin zuten eta bai EH Bilduk bai PPek bat egin zuten beren kezkarekin. Hala, batzordeetan landu eta mozio bat aurkeztu zuten, urrian aho batez onartutakoa. «Bi konpromiso hartu zituzten: bilera egitea erabakitakoa azaltzeko eta neurriak martxan jartzea 2026an», gogoratu du plataformako kide Javier Santosek.
Bi faseko plan bat
Horri erantzunez, Mugikortasun Zuzendaritzaren planteamenduari buruzko azalpenak, esan bezala, abenduaren hasieran jaso zituzten auzotarrek Olatz Yarza zinegotziaren eta Leire Agirre zuzendariaren ahotik. Bi fasetan gauzatu beharreko esku hartzea da. Lehenik, Ikasbide eta CDO Riberas eremuan trafikoaren norazkoa aldatzea; Pablo Gorosabel kalea oinezkoentzat bihurtzea Ikasbide aurrean, bertan aparkatzea 20:00etatik 08:00etara soilik baimenduz; Bartzelona hiribidean bi pasabide berri sortzea, bata, Santiago eta Maria Zambrano plazen artean, eta bestea, Giuseppe Verdi eta Jesus M. Alkain plazen artean; eta azkenik, hiribide horretako zebra bide guztietan semaforoak jartzea. Bigarren fasean, aldiz, bidegorria espaloitik galtzadara eramatea, oinezkoentzako espazioa handituz; eta Nemesio Etxanizerako norakoan doazen bi zirkulazio erreiak bakarrera murriztea.
Ekarpenen arabera, egokitzapenak egiteko aukera dagoela argi utzi zuten udal arduradunek, eta lehen fasea ezartzeko diru kopuru bat bada aurtengo aurrekontuetan. Santosen iritziz, irtenbidea «ez da erraza» eta neurrien eraginkortasuna ikusteke badago ere, garrantzitsuena «mugimendua egotea eta neurriak gauzatzea» da. Auzo elkartearen lanketari heldu eta plataformak «zarata» pixka bat besterik egin ez duela dio kideak; nahia, berriz, udalaren hizketakide izatea da: auzotarren iritzia jasotzeko bilerak egin, eta ondoren, udalarekin irtenbidea lantzea. «Eraginkorragoa da. Xehetasun batzuk izan ditzakegu, beraiek ez dituztenak, eta bilera irekian ateratzen ez direnak».
Argi-ilunak
Plataformako kideak, oro har, konforme daude proposatutakoarekin, «urgentziazkoari», segurtasunari, heltzen diolako. Ikastolaren ingurua oinezkoentzat jartzea «lorpen handia» dela uste dute, nahiz eta Mundaiz eta La Sallerantz doazenentzat irtenbiderik ez den. «Egin behar zela uste dugu, aparkaleku bat dago eta autoak ibiliko dira, baina gimnasio aldera doazenak kenduko ditu». Zalantzak dituzte semaforoei dagokienean, «gehiegizkoa» izan daitekeelako, eta progresiboki egitearen alde daude: «Lau jarri eta nola funtzionatzen duen ikusi». Beste zona batzuen moldaketen ondorioz, auto gehiago nabari dute eta Erdialdera joateko auzoa zeharkatzen dutenak ere ez dira gutxi. Horretan ere lagungarri izan daitezkeelakoan daude, «kanpotik baino mantsoago joango direlako barrutik». Gainera, Amararantz doan aldapan, radar mugikor bat jartzeko aukera ere atera zen. «Zati hori oso arriskutsua da. Ia inork erabiltzen ez dituen zebra bide pare bat daude, ibilgailuak oso azkar igotzen direlako».
Auzo elkartean, berriz, kritikoagoak dira. Daniel Fernandez kidearen hitzetan ere, zerbait egite hutsa «ona» bada ere, Bartzelona hiribideari dagokionean, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearen ikuspegiarekin bat datoz kide gehienak: segurtasuna ez bermatzeaz gain, hiribidea semaforoz betetzea ez da «ez merkeena, ezta oinezkoentzat atseginena ere, mugak jartzen dizkielako, eta garrantzi gehiegi ematen die ibilgailuei». Hain zuzen ere, Kalapiek esku hartze honi dagokionean hainbatetan azaldutako argudioak zerrendatu ditu: itxaronaldi luzeek gorrian zeharkatzera bultzatzen dute, segurtasunaren erantzukizuna oinezkoengan jarriz; garraio publikoan atzerapenak eragin ditzake, zerbitzua okertuz; garajeetara sartu-irteteko denbora luzatzen du, eta semaforoetan gelditzea saihesteko azelerazio bortitzak egitea sustatzen du.
Bartzelona hiribidea ez da, ordea, puntu beltz bakarra. Loiolako Erribera pasealekuan radarra badago ere, bere kokapenak ahalbidetu egiten du lehen zatia abiada handian egitea eta ondoren, isuna saihesteko, moteltzea. Horregatik, proposamena nahikoa ez dela dio Fernandezek. «Bizilagunon aspaldiko aldarrikapena da. Loiolako Erriberak ibaiari begiratuko badio, Txomiñeneak edo Lorategi Hiriak moduan, inguruak oinezkoentzat atsegina behar du eta ez da», azaldu du. Gune hori proposamenetik kanpo uztearen zergatia ez du ulertzen, «erraza eta agerikoa da»; eta aparkaleku faltari ere erantzuten ez diola nabarmendu du.


