Txuri Urdin azken sailkatuaren aurka ariko da, beste herrialde batean
Realeko mutilek eta neskek Madrilen jokatuko dute, Getaferen eta Atletico Madrilen kontra, hurrenez hurren.
Txuri Urdineko mutilak gol bat ospatzen, Anoetan.Txuri Urdin Txuri Urdin izotz hockey taldeko mutilak lehiara bueltatuko dira asteburuan. Iberiar penintsulako taldeen liga jokatzen dutenez, beste herrialde batean ariko dira. Zehazki, Andorran, hango taldearen kontra. Azken sailkatuak dira, eta denboraldi kaskarra daramate. Norgehiagoka bihar izango da, 21:30ean. Donostiarrak sailkapeneko bosgarren tokian daude, eta jokatzeke dituzten neurketekin, lehen postura hurbiltzeko aukerak dituzte. Beti ere, garaipenak lortzen badituzte.
Futbolean, Realeko mutilek gaur jokatuko dute Getaferen zelaian, 21:00etan. Arerioa aintzat hartuta, partida zaila eta trabatua espero daiteke. Pellegrino Matarazzo entrenatzailearen bigarren neurketa izango da, lehena etxetik kanpo. Atletico Madrilen kontra berdindu eta joko maila hobetu ostean, garaipena da bide bakarra. Realeko neskek, berriz, urteko lehen neurketa jokatuko dute bihar, Atletico Madrilen zelaian (12:00). Txuri-urdinen maila neurtzeko baliagarria izango da, sailkapenean atzetik dituztelako, lau puntura. Izan ere, Reala hirugarren postuan dago, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duena.
Eskubaloian, Bera Berak urteko aurreneko neurketa jokatuko du bihar Galizian, Porriñoren pistan (18:15). Euskal Koparen finalera iritsi ostean, ligako lanak betetzen jarraitzeko unea da. Izan ere, Imanol Alvarezen neskak liderrak dira, eta postu horri eusteko arerio gogor bat izango dute parean.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek porroten bolada kezkagarriari bukaera eman behar dio. Horretarako, Ensino menderatu beharko dute bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Nahi eta ezin dabil taldea, eta azken laurdenetan galdu ditu azken partida gehienak. Bestalde, Gipuzkoa Basketek garaipen bolada ikaragarriari segida ematen ahaleginduko da etzi, Illunben (18:00). Oraingoan, Oviedoren bisita izango dute.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 14. jardunaldia
- Andorra – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 19. jardunaldia
- Getafe – Reala (gaur, ostirala, 21:00)
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Atletico Madril – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Porriño – Bera Bera (bihar, larunbata, 18:15)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ensino (bihar, ostirala, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 16. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Oviedo (etzi, igandea, 18:00)


