Plaza bete bat eta bi omendu aldarri
Asteazkenean, hamalau urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zenetik. Ordutik, ez du aitortza instituzionalik jaso; baina urtero Txillardegi liburutegia herri ekimenak balioesten du bere ekarpena. Aurten, gainera, Jone Forcada ere omendu dute.
Dozenaka lagun batu dira Gaskunia plazan Txillardegiren eta Jone Forcadaren omenezko ekitaldian.Joseba Parron San Sebastian Txillardegi liburutegia herri ekimenak hamalaugarrenez Gaskonia plaza Txillardegi plaza bilakatu du. Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek sortutako Txillardegi liburutegia kantaren hitzak dituen pankarta, Alvarez Enparantzaren argazkiak lagunduta, horman eskegita; ondoan, zintzilik, izendapena eskatzen duten idazleen gutunak, gainea, ikurriña bat, eta aurrean, ekimena babesteko sinadura bilketa. Mahaian bertan ekitaldiaren esku orriak zituzten bertaratutakoek, eta haien barruan, Joxeaustin Arrietak egindako poema eta azalpen testu bana.
Haren heriotzaren urteurrenaren bezperetan —asteazkenean hamalau urte beteko dira— dozenaka lagun batu dira igande eguerdian Jose Luis Enparantza Txillardegi omendu eta oraindik jaso ez duen aitortza instituzionala eskatzeko. Zehazki, erantzunik ez, baina abestia ere baduena: Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea. “Urtero biltzen gara hemen, izan ere, Txillardegik ez du jaso egindako ibilbide oparoaren errekonozimendu instituzionalik eta ez du oraino bere izena duen espazio fisiko nabarmenik, hemen, bere Donostian”. Are gehiago, plaza horretan bertan duen omenezko horma irudiari ostiraletik larunbaterako gauean eraso egin zioten, ixa gorri bat marraztuz eskuin begian.
Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau dio esaera zaharrak eta horixe izan du XIV. urteurreneko ekitaldiak goiburu, Fito Rodriguezek Berrian argitaratutako Gerturatu eta hamalau artikuluari lotuta. “Txillardegiren ekarpena gertuan, batzuek ikusten eta aitortzen ez dutela, laukoa baino hamalaukoa dela adierazi du. Hau da itzela”, zehaztu du aurkezle lanak egin dituen Itsaso Olaizolak.

Gaurko ekitaldia, ordea, berezia izan da, aitortza bikoitza egin baitute. Aipatutakoaz gain, urriaren 17an hil zen Jone Forcada ere gogoratu baitute: “Txillardegiren bidaidea, militantea, pentsamendu irekikoa eta kementsua, joan ere, burujabe joan dena”. Beste esaera batek dio gizon handi bakoitzaren atzea emakume handi bat izan ohi dela, Forcada, baina, eskuz esku aritu zen senarrarekin herriaren eta hizkuntzaren alde, eta Olaizolak gogoratu du IRUTXULOKO HITZAn aste honetan Iñaki Egaña historialariak Forcada “kausa unibertsal, nazional eta lokak askotan militante aktiboa” izan zela azaldu duela.
Aurkezpena amaitzeko, Onintza Odriozolaren ETAren ekarpena euskal berpizkundean hitzaldiari aipamena egin dio. Ostegunean Guardetxean “gazteei zuzendua eta heldu askoren artean eman zuena” “gogoangarria” izan zela esan du. Besteak beste, “aurreko pizkundeetan, Txillardegi tartean zela, eman ziren eztabaida, erronka, tentsio eta gakoek gaurkotasuna ere badutela iradoki” zuen, beraz, iraganaz ikasi eta euskararen hirugarren pizkundeak “irekia eta ausarta” izan beharko du.
Euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna, bat
Ohi bezala, Ianitz Enparantzaren txistu eta danbor doinura dantzatu du aurreskua Natale Buenok. Ondoren, bi gonbidatuen hitzartzeak izan dira. Lehena, Euskal filologian doktorea eta idazle den Pako Sudupe izan da. Nabarmendu du, ogibidez ingeniaria bazen ere, Txillardegi ospetsu dela ETAren sorreran “parte hartze garrantzitsua” izan zuelako eta abertzale independentista bezain euskaltzalea izan zelako; eta bi elementu horiek, euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna, “elkarri josi, itsatsi eta estekatu” zituela. Donostiako burgesiak mespretxatu egiten zuen euskara eta Alvarez Enparantzak gurasoak euskaldunak bazituen ere, berari ez zioten irakatsi. Horretaz jabetu zenean, 17 urterekin, ekin zio euskara ikasteari, baita “inperialismo espainolaren presioz” erdal herri bilakatutako Euskal Herriarentzat “alternatiba nazional askatzailea eta sozialista bat eraikitzeari ere”.
Aberriaren eta hizkuntzaren arteko lotura horren erakusgarri diren Huntaz eta hartaz artikulu antologiako zenbait pasarte irakurri aurretik, Sudupek esker oneko hitzak zuzendu dizkio Forcadari 2016an argitaratu zuen Txillardegiren borroka abertzalea liburua idazteko emandako laguntzagatik. “Ez da ondo geratu nahia esatea, Jone Forcada ikaragarri inportantea izan zela Jose Luisentzat”.
Gaitzetsi du hemen Txillardegiri “kasurik egin ez” eta agintariek euskara politikatik aldentzen saiatu direla; eta horrek ondorio izan duela “larrialdi linguistikoa eta autonomismoa”. “Eredu sendoa bezain zaila jarri zigun Txillardegik bere borroka euskaltzale abertzalearekin. Ondo merezia ditu gure aitortza eta gorazarrea”. Hala, bat egin du herri mugimenduaren aldarrikapenarekin, Suduperen esanetan, Alvarez Enparantzaren izena jartzea “ohorea” izango bailitzateke Udal Liburutegi Nagusiarentzat eta Donostiarentzat, eta bide bat “bere eredua menderik mende gogoan izan dezaten edo dezagun”.
“Injustizia non, Jone beti han”
Ondoren, Agustina Pontesta Garmendia lezotarra mintzatu da. Euskal filologo, itzultzaile eta irakasle izateaz gain, omendutako bikotearen gertuko laguna eta borroka kidea izan da urte luzetan. IRUTXULOKO HITZAN eta Berria egunkarian Forcada hil berritan Jone Forcadari idatzian jarritako hitz hunkigarriak irakurri ditu. Mikroan lehen hitzak esaten ari zela Fito Rodriguezek lore sorta jarri du Txillardegiran horma irudiaren oinean, agurraren ondoren, bertan uztea ahaztu baitute.
“Zein zaila den adiskide batez mintzatzea eta batez ere berarekin zordun garenean. Zeinen handia izan zaren Jone! Bizitza osoan etengabeko militantzian. Inor ‘aktibista’ izan bada zeu izan zara azkenera arte. Injustizia non Jone beti han”. Merezitako hitzak izanda ere, horiek eta hil zenean esandakoan entzunda haserretuko litzatekeela azaldu du, eta eskerrak eman dizkio “egindako eta irakatsitako guztiagatik”.
Donostiako Ikastolako sortzaile, bertako andereño, euskal irakaskuntza eta euskalgintzako beste hainbat borroka, Bageran euskara irakasle… Hori gutxi balitz, “herri honen aurkako injustiziarekiko borroka guztietan” buru-belarri murgiltzen zen eta “jasanezina” zitzaion: euskararen aurkako erabakiak, AHTaren aurka, Palestinaren alde… “Herriaren aurka doan zernahi injustiziaren aldeko ekimen guztietan parte hartuz”.
Pontesak amaitu du Forcadak bizitza “luzea bezain oparoa eta emankorra” izan zuela baieztatuz eta amaiera bera ere pentsatzen zuenarekin kontsekuente izanik erabaki zuela, “duintasunez bukatuz”.
“Memoria partekatuago eta euskaldunago bat”
Hitz hunkigarrien ondotik, Revuelta, Etxebeste eta Azkena Zutik taldeko musikariek Txikia kantatu dute. Azken hizlaria Rodriguez izan da, herri ekimenaren izenean. Txillardegi “gure artean” dagoela aldarrikatu du: “hitz egiten dugun euskara, literatura moldea berriak, soziolinguistika metodologiak… denak datoz Txillardegitik”. Baita politikoki ere. “Txillardegiri zor diogu gogoratzea Euskal Herria ez dela herritarren herria, euskararen herria baizik. Alegia, esplizituki euskarak batu egiten gaituela. Eta hori ez diote inoiz ere barkatu”. Horri lotu dio horma irudiari egindako erasoa.
Uste dute Donostiak “merezi” duela “memoria partekatuago eta euskaldunago bat” eta aurrerantzean ere horren alde jarraituko dutela berretsi du. Halaber, Jon Insausti alkateari bilera eskatuko diotela aurreratu du, erasoa argitu eta liburutegiaren izendatzearen afera zertan den ikusteko.
Forcadari eskaini dizkio azken hitzan, poema forman. Zati batean hala zioen:
“Gure artean oraindik hi hago,
irrintzi eta kantu baino gehiago,
hire hitzak eta bizitzekiko arreta,
hire borroka guretzat gogoeta.
Agur eta ohore, Jone Forcada.
Hire izena gure bihurtu da jada”.
Ekitaldiaren hondarrean sartuta, Txillardegi liburutegia eta Euskal Herrian euskaraz abestu dute plazan bildutakoek, eta, ondoren, talde argazkia egin. Elkar agurtzen zutenen artean, borobila osatu eta bi dantza egin ditu talde batek.


