Billy Wilder protagonista izango da asteazkenean hasiko den Nosferatu 2026 zikloan
Urtarrilaren 14an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, Billy Wilder zuzendariari eskainia, 'Sunset Boulevard' (1950) filmaren proiekzioarekin.
Joxean Fernandez, Carlos Muguiro, Edurne Ormazabal, Ruth Perez de Anucita, Lur Olaizola eta Josemi Beltran, 'Zinema maite dugu' programaren aurkezpenean.Tabakalera Asteazkenean, hilak 14, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak urtero antolatzen duten Nosferatu zikloari emango zaio hasiera. Zinemaren historiako pertsonaia garrantzitsuenak ezagutzeko ziklo bikaina da Nosferatu, erretrospekiba osoa erakusten duelako. Aurten, Billy Wilder zinemagile poloniarraren lana zabala ezagutzeko aukera izango da.
Bere film enblematikoenetako batekin hasiko da zikloa, eta ondoren, 1930eko hamarkadan Alemanian gidoilari gisa egin zuen lanean barneratuko da, Frantzian zuzendari gisa egin zuen opera priman (Mauvaise graine, 1933) eta Ernst Lubitsch, Mitchell Leisen eta Howard Hawks bezalako zinemagileentzat AEBn egin zuen gidoilari lanean. 1942an zuzendu zuen aurreneko filma Hollywooden, The Major and the Minor (1942), eta bere filmografiaren hasiera markatu zuen.
Urtarrilean, zikloa hastearekin batera, Billy Wilder. Anatomía de un genio, Colección Nosferatuko 22. zenbakia argitaratuko da, eta liburuaren koordinatzaile Luis Alegreren hitzetan: “Billy Wilderrek ohorezko lekua du mundu osoko zinemazaleen iruditerian eta heziketa sentimentalean”.
Azaldu duenez “etiketa oro uxatu” zituen Wilderrek eta genero ugaritako lan “giltzarriak” egin zituen: “Zinema beltza (Double Indemnity, 1944), komedia (Some Like It Hot, 1959), drama (Sunset Boulevard), zinema belikoa (A Foreign Affair, 1948), erromantikoa (Love in the Afternoon, 1957), intrigakoa (The Private Life of Sherlock Holmes, 1970), epaiketetakoa (Witness for the Prosecution, 1957), kazetariena (The Front Page, 1974) edo bizitza bera bezalakoak direlako generorik ez duten bestelako filmak (The Apartment, 1960)”.
Billy Wilder. Anatomía de un genio aipatutako liburua ez ezik, 2026ko udazkenean, Nosferatu Bildumaren 14. zenbakia editatuko da euskaraz, Wilderren figurari buruz Zigor Etxebestek idatzia.
2026ko zine bonua eta sarreren salmenta
Tabakalerako zinema bonua berritu egin da 2026rako, eta 90 eurotan eskainiko du 30 filmetarako sarrera. Bonu honek pantaila partekatuko erakunde bazkideen proiekzioetarako balio du (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera), 2026ko Donostia Zinemaldian programatutakoak izan ezik.
Bonuaren erosketarekin batera, aurten ere, Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat opari emango da: Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa (Iratxe Fresnedak koordinatua) edo Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua (Luis Alegrek koordinatua) gaztelaniaz.
Bonuaren salmenta 2026ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte egongo da zabalik. Erosketak eta kudeaketak Tabakaleraren webgunean eta Informazio Gunean egin ahal izango dira. Bonuko sarrerek 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte balio dute.
Bonuari eta urtarrileko programazioari buruzko informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango da. Informazio gehiago: 2026ko lehen hiruhilekoaren programazioa


