Ibaeta Basketek behar zuen garaipena eskuratu du
Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin du, Illunbeko azken partida. Realeko mutilek, berriz, azken unean eskuratu dituzte hiru puntuak, eta neskek berdindu egin dute. Bera Berak eta Txuri Urdinek ere irabazi dute.
Ibaeta Basketeko neskak garaipena ospatzen.Ibaeta Basket Zazpi neurketa jarraian galdu ondoren, Ibaeta Basket garaipenaren bidera itzuli zen ostiralean. Porrotetan gertatu moduan, donostiarrak ondo aritu ziren lehen hiru laurdenetan, eta azkenekoan sufritu zuten. Oraingoan, ordea, Ensino menderatzea lortu zuten (79-74). Bigarren itzuliko lehen partida izan zen Gaska kiroldegian, eta bolada kaskarrari bukaera ematea lortu zuten. Bestalde, Gipuzkoa Basketek jarraian lorturiko garaipenen errekor propioa eta ligakoa eskuratu zuen atzo, Oviedo gaindituta (74-69). Izan ere, zortzi partida segidan irabazi dituzte Sergio Garciaren mutilek, eta sailkapeneko bosgarren tokian egonkortu dira. Aipatzekoa da Illunben jokaturiko azken neurketa izan zela, itxi egingo dutelako berrikuntza lanak direla eta.
Futbolean, Realako mutilek azken minutuan lortu zuen Getafe gainditzea pasa den ostiralean, Jon Mikel Arambururen burukada eder bati esker (1-2). Txuri-urdinak madrildarrak baino askoz hobeto aritu ziren, eta markagailuan aurreratu arren, ez ziren gai izan neurketa erabakitzeko. Etxekoek partida amaieran lortu zuten berdintzea eta ohiko mamuak agerraraztea. Zorionez, azken jokaldian urrea balio duen garaipena erdietsi zuten aipaturiko golarekin. Pellegrino Matarazzo entrenatzailearen aroko lehen hiru puntuak dira, eta zulotik ihes egiteko oso baliagarriak.
Realeko neskek, berriz, ligan orain arte jokatu den partida ikusgarriena sinatu zuten, Atletico Madrilekin batera (5-5). Kolpeka aritu ziren bata bestearen kontra, berdinketarekin bukatu zen arte norgehiagoka. Edna Imadek hiru gol egin zituen despedidan, eta beste hiru golen egileak bi jokalari txuri-urdin izan ziren; Amaiur Sarriegi batekin eta Jensen birekin. Emaitza horrekin, bien arteko distantzia mantendu dute txuri-urdinek.
Eskubaloian, Bera Berak estu eta larri irabazi zion Porriñori, haien pistan (24-26). Horrela ere, lidergoan jarraitzeko modua topatu zuten, bigarren zati ona jokatuta.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek astindua eman zion ligako azken sailkatuari. Aise menderatu zuten Andorra bere etxean (2-25), eta sailkapenean gora begira jarri dira.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
- Ibaeta Basket 79 – Ensino 74
Gizonezkoen bigarren maila, 16. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 74 – Oviedo 69
Futbola
Gizonezkoen liga, 19. jardunaldia
- Getafe 1 – Reala 2
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Atletico Madril 5 – Reala 5
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Porriño 24 – Bera Bera 26
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 14. jardunaldia
- Andorra 2 – Txuri Urdin 25


