Auditz Akularren ibilbidea antolatu dute, «proiektu txikitzailearen» inguruan kontzientzia pizteko
Auditz Akular eremua.Altza XXI Igandean, urtarrilaren 18an, 10:30ean, Satorralaiak Auditz Akularrera bisita egingo du Altza XXI Herri Ekimeneko kideek lagunduta. Hori dela eta, bisita honetara biltzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei, hain zuzen ere, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Altzako landa eremu horretan 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko berrabiatu duten “hirigintza plan bortitzari” buruz informatzeko eta Altzako herritarrek eta hainbat elkartek egitasmo horren aurka daramaten borrokarekin bat egiteko.
Izan ere, Auditz Akular bertatik bertara ezagutzera emateko bisitak antolatzen ari da Altza XXI Herri Ekimena, herritarrek ingurune kaltetua ezagutzea delako “egitasmoarekiko aurkakotasuna zabaltzeko bide eraginkorrena”. Hortaz, igandean 10:30ean Altzako Casares-Tomasene Kultur Etxearen atarian elkartuko dira eta 2:30 orduko iraupena izango duen bisita gidatua egingo dute, adin guztietako jendeak egiteko aproposa izango dena. Gogora ekarri dute, eguraldi txarra eginez gero, beste egun batera aldatuko dela hitzordua.
“Desarrollismo irrazionala”
Altzak eta Donostiako ekialdeko barrutiak hirigintza prozesu “desarrollista eta irrazionala” pairatzen ari direla uste du Satorralaiak. Auditz Akularreko landa eremua da Altzako hirigune “masifikatuak” duen azken birika berdea: kasik 100 hektareako lurraldea da, egoera naturalean dauden landa-zelai, muino, baso eta ibar errekaz osatua.
Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza landa eremu honetan bultzatzen ari diren makroproiektu urbanistikoa gaur egun “Donostialdean bizi dugun ingurumen arloko mehatxu larrienetarikoa da” ekologisten iritziz: “Aipagarria da Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailak berak Auditz Akularreko eremuan ez eraikitzeko gomendatu duela, baina hala ere, lur horiek hormigonatu eta milaka etxebizitza eraiki nahi dituzte, Gipuzkoako hirigintza operazio bortitzena eginez”.
Altza XXI Herri Ekimenak urteak daramatza hirigintza garapen horren aurka borrokatzen –Odon Elorza alkate zen garaitik– eta “sarraski” hori gelditzea lortu zuten duela hamabost urte. Alabaina, “higiezinen espekulazioaren ondorioz, Donostian bereziki nozitzen ari garen etxebizitza-larrialdiaz baliatuz, ingurumen arloan jasanezina eta gizarte ikuspegitik zeharo desorekatua den hirigintza makroproiektu horri bultzada berria eman diote”.
Etxebizitza arazo larriagoa
Altza XXI Herri Ekimenak azpimarratzen duenez, ordea, Altzako auzo masifikatuan duela 50 urte bezala milaka etxebizitza eraikitzea ez da etxebizitzaren arazoari eman behar zaion erantzuna. Izan ere, Auditz Akularren eraiki nahi dituzten etxebizitzetatik 2.400 inguru alokairu publikokoak izango lirateke, eta alokairuko milaka etxebizitza era horretan, eremu berean pilatzea segregazio sozialeko praktika bat da, kohesio sozialaren guztiz aurkakoa eta Donostiako Ekialdearen eta Erdialde/Mendebaldearen arteko desorekak areagotzea dakarrena.
Era beran, etxebizitza larrialdia, neurri handi batean, Donostiako udal gobernuek hainbat hamarkadatan bultzatu duten politikaren ondorio dela salatu dute, hiriko etxebizitzen %95 salmenta librekoak baitira eta azken 30 urteetan eraiki diren 28.000 etxebizitzetatik %4 eskas bat baino ez baitira babestuak izan.
Horregatik, hirigintza politikaren norabidea “sakonki” aldatu behar dela aldarrikatu du Altza XXI Herri Ekimenak, besteak beste etxebizitza babestuak hiri osoan era banatu eta tamaina txikiagoko unitateetan bultzatuz, eta Donostian dauden 15.892 bigarren egoitzako pisuak nahiz etxebizitza hutsak, zein 1.400 pisu turistikoak, herritarren etxe-premia asetzera bideratuz.


