Realak Osasuna gainditu beharko du, beste behin ere
Kopako final-zortzirenetako partida jokatuko dute gaur txuri-urdinek eta gorritxoek, Anoetan (21:00).
Iazko Realaren eta Osasunaren kopako partida.Reala Ligan burua altxatzen hasi denean, Realak kopan aurrera egiteko kanporaketa gainditu beharko dute, gaur, Anoetan, zaleen aurrean (21:00). Osasuna izango dute aurrez aurre, berriz ere, pasa den denboraldian gertatu moduan.
Iazkoa final-laurdenetako neurketa izan zen, eta hura ere etxean jokatzea egokitu zitzaien txuri-urdinei. Ez zen norgehiagoka erraza izan, baina gorritxoak mendean hartzea lortu zuten (2-0). Gaurkoa, ordea, oso bestelakoa izango da. Bi taldeak ez dira pasa den urteko berberak, eta bakoitzak hainbat gorabehera bizi ditu. Ligan jokaturiko neurketa da aurrekaria, non Realak markagailua iraulita irabazi zuen (1-3). Kopa beste kontu bat da; kale edo bale. Irabazten duenak lortuko du soilik saria, final-laurdenetara sailkatzea.
Pellegrino Matarazzo entrenatzailearen deialdiak ezusteko gutxi ditu, nahiz eta agerian utzi duen zein jokalari lehenesten dituen. Karrikaburu eta Goti ez ditu aukeratu; aldiz, Zakharian eta Sucic, bai. Ondoen ikusten dituenen alde egingo duela adierazi du estatubatuarrak, eta irizpide hori ulertzen ez duenik bada. Kontuak kontu, lehen taldeko jokalariz osatu du deialdia, beraz, hamaikakoa ligako azken bi partidetakoaren antzekoa izan daiteke. Hori bai, baliteke atean Marreroren alde egitea, kopako partida guztiak jokatu dituelako.


