EH Bildu kezkatuta, hotzaren protokoloarekin: «Hotzaren aurrean ditugun baliabideak ez dira nahikoak»
Negua eta tenperatura hotzak iristearekin batera, EH Bilduk Udal Gobernuari Ate Irekiak zerbitzuari eta hotzari aurre egiteko aktibatu beharreko baliabideei buruzko interpelazioa egin dio. Aurreko urteetan adierazi dugun bezala, eta kaleko egoeran daudenentzat garairik gogorrena hurbiltzen ari den bakoitzean, La Sirenako aterpetxea erabiltzeko prest izatea baina ez erabiltzea ez da azaltzen; ulergaitza da. Gogoan izan behar dugu Arartekoak berak iradoki zuela izozteei ez itxarotea zerbitzu hori irekitzeko.
Asteazken honetan hedabideen aurrean egindako agerraldian, Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak La Sirenaren erabilpen mailan jarri du arreta. “Aurreko Gabonetan, La Sirena lau egunetan bakarrik erabili da, izozteak aurreikusten ziren egunetan soilik, alegia. Izoztu ez den egunetan ere hotz handia egin du, eta egun askotan jarraian, gainera. Izozteei itxarotea gehiegi itxarotea dela uste dugu. Eta berriz ere, agerian geratu da hotzaren aurrean ditugun baliabideak ez direla nahikoak”, esan du.
Abenduan Martutenetik kanporatuak izan ziren pertsonak La Sirenan martxoaren 31ra arte hartu izana “albiste ona da” Hernandorentzat, “baina ezin dugu ahaztu neurri horrek ondorioak izan dituela hotzaren aurkako protokoloan: orain eskaini ohi dituen 100 plazetatik 40 inguru daude erabilgarri”. Gogora ekarri du 500 pertsona inguru daudela kale egoeran.
Hernandok adierazi duenez, “uste dugu hobetzeko tartea dagoela pertsona horiei ematen zaien kaleko arretan ere, tenperaturak 5 gradutik beherakoak direnean. Janari beroa eta arropa eskaintzeko goiz eta gauez aktibatzen den baliabide hau ez da inola ere iristen kalean lo egin behar duten gehienengana. Hori dela eta, gure ustez, Ate Irekien zerbitzuak ahalmen handiagoa izan arte, Neguko Protokoloko beste zerbitzu hori zabaldu eta egokitu egin beharko litzateke, arrisku uneak ahalik eta gehien saihesteko”.
Bihar, hilak 15, egingo diren batzordeetan, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetuko dio ea zergatik ez duen negu osoan Ate Irekien zerbitzua eskaintzen, “hainbeste elkartek eskatzen dutenarekin bat etorriz”. Halaber, ordutegi hori ez luzatzeko arrazoiei buruz galdetuko dute, “hobetu daitekeela” uste dutelako.
Herrerako kaleratzea
Herreran dagoen egoerari lotuta, beste galdera batzuk aurkeztuko ditu EH Bilduk, 200 pertsona inguru bizi baitira Zardoyako hainbat pabiloietan. Jon Insausti alkateak Zardoyako eraikin horiek eraitsiko direla adierazi badu ere, horrek “argitu beharreko zenbait zalantza” sortu ditu.
Eta Herreraren husteari dagokionez, “Martutenen baino aurreikuspen gehiagorekin jokatzea eta elkarteekin lankidetza handiagoa egotea eskatzen dugu, baita pertsonak artatzeko irizpide argiagoak izatea ere. Operazio hau ez bada ahalik eta aurreikuspen handienarekin egiten, ezta ikuspegi sozial eta pertsonalizatuarekin ere, dozenaka pertsona egoera are zaurgarriagoan utz ditzake”, ohartarazi du Hernandok.
Proposamen zehatzak
EH Bilduko zinegotziak alkateari zuzendutako galdera bat erregistratu du, Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean dagozkion azalpenak eman ditzan. “Adibidez, zer instalazio pertsonalizatu dauden eta administrazio-erregularizazioko, prestakuntzako, enpleguko eta etxebizitzako ibilbideak bermatzen ari diren”.
“Gogoratu behar dugu badirela instituzioen arteko mahaiak errealitate horri heltzeko; Eudel da horietako bat. Urrutirago joan gabe, azken Osoko Bilkuran, abenduan, EUDELen barneratutako Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen mahai iraunkorraren prozesua bizkortuz, diagnostiko partekatu bat egitea proposatu genuen. Diagnostiko horretan, Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen Mapan zehaztutako gizarte- eta egoitza-bazterketarako baliabideen estaldura zenbateraino betetzen duten jaso asmoz, baina proposamenak ezezkoa jaso zuen”, gogora ekarri du Hernandok.
Azkenik, “Eusko Jaurlaritzak aurrekontu zuzkidura bat ezar zezala iradoki genuen, Etxerik gabeko Pertsonen Euskal Estrategiarako, hura bete eta garatzeko modua izan dadin. Ez EAJk, ez PSEk, ez PPk ez zuten babestu”.


