Dena prest egun handirako: inoiz baino parekideagoa izango den San Sebastian eguna
San Sebastian egunerako egun gutxi falta direnean, azken sorpresa eta omenaldiak egiteko aprobetxatu du Donostiako Udalak. Jon Insausti alkateak eta kultura zinegotzi Ana Lopezek eman dituzte datuak: 167 danborradek eta 22.736 pertsonak parte hartuko dute inoiz baino parekideagoa izango den San Sebastian egunean.
167 danborradetatik 36 parekideak dira, 60 danborradatan gehiengoa parte hartzaileak emakumeak, dira eta 69tan gizonezko gehiago daude emakumeak baino. Aurten soilik gizonez osatutako danborrada bakarra dago (Aizepe Danborrada), behin Tamborrada Club Cantabrico mistoa izatera pasata. Udalak ez parekide gisa kokatzen du baita ere Emakumeen Etxea Elkartearen danborrada, soilik emakumez osatuta baitago.
Lopezek emandako datuen arabera, auzoz auzo honela banatuko dira danborradak: Erdialdean 32, Antiguan 30, Parte Zaharra 25, Gros 25, Amara Berri-Loiolako Erriberak-Morlans 24, Altza-Intxaurrondo-Bidebieta 20 eta Loiola-Martuteta 10.
Euskal Billera, Kondarrak eta Joselontxos Txaranga
Gaueko hamabiak puntuan igoko du alkateak Donostiako bandera Plaza Berriko mastara, eta azken urteetan bezala, behin 24 orduak igarota, eta Union Artesanak bandera jaitsieran urteko azken Donostiako Martxa interpretatzen duenean, bandera Euskal Billera elkarteak jasoko du, bere 125.urteurrenarekin bat eginez. Gainera, Euskal Billerak funtsezko ekarpena egin zion San Sebastian egunari, izan ere, 1927,urtean lehen aldiz Haur Danborrada antolatu zuen.
Azken urteetan egin moduan, ondoko balkoian ikurrina igoko da ere. Aurten, Gros auzoko Kondarrak Elkarteak igoko du, bere 75.urteurrena ospatzeko. Eta ikurrinaren jaitsiera aldiz, aurten protagonismo berezia duen Joselontxos Txarangak egingo du, aurten danborradako melodiak grabatuta.
Donostiako Danborradak 12 melodia ofizial ditu, eta Joselontxos Txarangak azken hilabeteetan estudioan grabatu ditu guztiak. Gainera, Donostia Kultura Festakek melodia horiek eta txaranga-egituran egindako partiturak Danborradaren webgunean eskuragarri egongo dira bihartik aurrera, eta hurrengo egunetan Donostia Kultura Liburutegien Donostiatekan, Donostiako Musika Eskolaren webgunean, eta beste hainbat plataforma digitaletan ere jarriko dira
Aurtengo San Sebastian eguna oso berezia izango da hiriko bi danborradarentzat. Gros auzoko Gure Borda eta Loiola auzoko Zuhaitz Loiolako Danborrada konpainiek 25 urte beteko dituzte. Hori dela, eta Helduen Danborradaren aurkezpenean omenduak izan dira.
Kartel berezia
Aurten ehun urte betetzen dira hiriko historian eta San Sebastian egunean funtsezkoa den mugarri batetik: 1926 urtean plaza Berrian modu sinbolikoan igo zen bandera. Mendeurren hau ospatzeko asmoz, San Sebastian egunerako kartel berezia egin du Donostia Kultura Festakek, eta igoeraren ekitaldi esanguratsua prestatu du.
Kartela Fernando Huarte Campion Roskow-ek egin du, eta ehun urte betetzen dituen bandera igoera gaur egungo danborradarekin irudikatu nahi izan du ilustrazioan. “Uko egin ezingo diozun eskaintza bat egingo dizugu”, jaso zuen telefonoz, eta mafiosoen tonua izan arren, “pozik eta harro” jaso zuen enkargua: “Joxemaritarra naiz ni, abuztuaren 31 kalekoa, eta plaza hau bizitza osoan ezagutu dut!”.
Bigaren urtez jarraian, banderaren igoera eta jaitsiera zuzenean baina modu lasaiagoan jarraitu nahi dutenek aukera izango dute Karmingaintxo plazan Donostia Kultura Festak-ek EITBren laguntzarekin jarriko duen pantaila erraldoian.


