Erraustegiko langileek elkarretaratzea egin duten «lan hitzarmen duin bat» eskatzeko
Erraustegiko langileen protesta, Zubietan.LAB Zubietako erraustegiko langileek iragarritako mobilizazio egutegia abiatu dute, ostegun eguerdian. Errauste plantaren sarreran elkarretaratu dira haien “lan baldintza eskasak aitortuko eta hobetuko dituen” enpresa hitzarmena exijitzeko.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, langileak urtebete luze daramate negoziatzen Ekobal enpresarekin, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko. Ordea, hasierako egoerara itzuli dira langileak, “jasan behar dituzten lan baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik”. GHK eta Ekondakinen “borondate falta” salatu du sindikatuak, eta Gipuzkoako Aldundia dela arduradun nagusia.
“Erraustegiko langileek sektoreko hitzarmenean arautu gabeko txandakotasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dute, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak dituzte. Enpresak hamabi ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz”, azaldu du LABek.
Langileek aldarrikatzen dutena da eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa hitzarmen bat, “egunero jasaten duten benetako arriskugarritasuna eta toxikotasuna ere jasoko dituena”.


