Hiru artista, hiru izaera, hiru mundu ikuskera
Martxoaren 7a arte ikusgai egongo da Cristina Guerrero, Susana Ferreira eta Udane Juaristiren talde erakusketa Okendo Kultur Etxean.
Xabier Obeso komisarioa, Udane Jauregi, Cristina Guerrero eta Susana Ferreira artistekin, aurkezpenean.Maitane Aldanondo Hiruki talde erakusketak jantziko du datozen asteetan Okendo Kultur Etxeko erakusketa aretoa. Eta hirukiak hiru erpin ditu: artista, izaera, mundu ikuskera. Hiruna bakoitzetik. Arte plastiko errealista lantzen duten hiru artisten lanak biltzen ditu: Cristina Guerrero, Susana Ferreira eta Udane Juaristi. Komisarioa, berriz, Xabier Obeso da.
Martxoaren 7a arte bisitatu ahalko den proposamenaren zergatia azaldu du Obesok, “luzaroan iraindua eta ez ikusia” izan den arte figuratiboan, errealistan, fokua jartzeko nahia moduan. “Arte estiloa artistak bere barne mundua erakusteko edo adierazteko lengoaia bat besterik ez da” eta gaitzetsi du, boladako ez dagoelako ez erakustea; horrek artista asko baztertzea esan nahi duelako. “Artista bakoitzak bere idiosinkrasiari hobe egokitzen zaiona aukeratu behar du”.
Intimoaren eta kolektiboaren, ukigarriaren eta kontzeptualaren arteko mugak aztertzen dituzte, hizkuntza plastiko errealista batetik. Errealismoa ez dute errealitatea kopiatzeko tresna gisa baliatzen, baizik eta sentitzen dutena, bizi izan dutena eta mundua emakume gisa nola ikusten duten adierazteko baliabide indartsu gisa. Bakoitzak bere estiloa badu ere, “begirada zuzen eta zintzoa” partekatzen dute. Haien lanek gorputzak, objektuak eta eszenak erakusten dituzte, esanahia dutenak eta isilpeko energia transmititzen dutenak. Hori dena proposamen oso bestelakoarekin, dela teknika, dela itxura aldetik.
Beren buruari buruzko azalpena hitzez eginda, beste alderdi bat erakutsi dute bildumaren bidez. Kazetariak alboan, ikusten ari diren hori zer den azaldu dute; aurrean duten obrek moduan, geruza ugari baitaude euskarri bakoitzaren gainean.
Mugimendua, inspirazio iturri
Udane Juaristi azkoitiarrak dozena bat koadro daude, guztiek lotura dute paisaia edo eszena urbanoak direlako, egunerokoa adierazten duten irudiak dira. Guztiek “harremana eta elkarrizketa” izan dezaten kokatu ditu espazioan. Muralgintzan ere aritzen delako, koadroetatik atera, eta bi interbentzio egin ditu horman; hura ere izateko “obraren parte eta espazio desberdineko jolasteko”. Baita ikusleak ere jolas dezan.
Kalea da bere inspirazio iturria eta mugimenduari garrantzia ematen dio. Gehienbat, jendea eta bere mugimendua interesatzen zaio, espazio baten kokatuta. Hara eta hona doan jendea, bizkarrez, hamaika iruditan. Obretako batzuetan, elementu bat nabarmentzen du —oinak, zapatilak, kaioak—, “garrantzia handiagoa emanez mugimenduari eta lekua bigarren planoan geratuz non kokatua dagoen eszena hori”. Pertsonaiak margotu ditu ere anonimotasuna lortzeko moduan, “edonor izan daiteke” eta ikusleak interpretazio libre bat egiteko. Batzuek kolore biziak dituzte, eta beste batzuk, zuri-beltzean dira. “Momentuaren arabera pintatzen dut”. Gehienak akrilikoz dira eta lau teknikak nahasiz.
Objektua vs emakumea
Oso bestelakoa da Cristina Guerrerok dakarren proposamena. Haurtzaroko jostailuak, gustuko filmak eta haietako pertsonaiak ageri dira horman zintzilik. Emakumezkoen ahalduntzea islatzen dute elkarren ondoan dauden bik, autostopa egiteari buruzkoak, “debekatua izan dugu emakumeok, baina nahi dugun lekura joan gaitezke”, azaldu du horren ideiaren oinarri gisa. Begi hutsez ez dirudi eta ikusleari harrigarri egin dakioke itzalak, bolumenak, islak… ikusita; baina pintzelkadaka zabaldutako olioa baliatzen du bere lanetan.
“Objektuak, herri kulturakoak, haurtzarotik gogoratzen ditugunak, eta emakumezkoen irudia alderatzen ditut. Beti ni naiz. Orain, alaba izaten hasi da”. Antzekotasuna bilatzen du zentzua emateko obrari. Metala, metakrilatoa, mihisea… euskarriekin esperimentatzea gustatzen zaio, eta azken aldian hondoa kentzen hasi zaie obrei, hala, irudiari garrantzia handiagoa emanez irudiari, edukiari. Bietatik ikusgai dago Okendon.
Espazioa birsortu
Susana Ferreira irundarra arkitektura mundutik dator, eta bere obretan arkitekturarekin elkarrizketa oso garrantzitsua da. Argia espazioetan bilatzen du, horrela, argilunak sortzen saiatzen da lausodura eta enpaste bidez. “Gardena eta opakua bat egiten dut”. Egur gainean margotzen du nagusiki.
Bi proiekturen lagina ekarri du: Txingudi ikastola eta La Central galerian hondamendiari buruz egin duen erakusketarena, zehazki, Irungo aduana zaharraren eraikinaren gaineko lana. “Argia jarri eta edertasuna jartzen saiatzen naiz denok ezagutzen ditugun utzitako eraikinetan”. Badagoena marrazten du, leku batzuetan naturak bere bidea egiten duela erakutsiz, eta ikus daiteke bere nahia hori gauzatuta. Obesok proposatuta, launa akuarela jarri dituzte; Ferreiraren kasuan, proiektu berekoak, baina Txoritokietako iturriari buruzkoak.
Obesoren ustez, puntako artistak dira aukeratu dituenak. Gipuzkoakoak eta emakumezkoak izatea eskatu ez baliote ere horiek egongo liratekeela nabarmendu du. “Ez daude pribilegio batengatik hemen, emakume izateagatik; baizik eta eskubidez, artista gisa duten kalitateagatik”.
Egunerokoaren ikuspegiaz gain, gizartea pentsatzeko eta zalantzan jartzeko proposamena da erakusketa. Hortaz, gelditu, begiratu eta pentsatu.
Ordutegia.
Astegunetan: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Larunbatetan eta zubietan: 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara.
Jarduera osagarriak
Gaur, 19:00etan: Erakusketaren komisarioekin batera hiru artistak egongo dira, eta photocall bat egongo da.
Otsailak 4, 19.00etan: Nola maitatu eta ulertu artea hitzaldia emango du Xabier Obesok, areto nagusian, gaztelaniaz. Hiru zati nagusitan banatuko du: artea zer den definitzea, nola ulertu artea adierazteko modu guztiak, errealismotik abstrakturaino, eta arteak gizakiaren garapen integralean duen garrantzia azaltzea
Otsailak 26, 19:00etan: Susana Ferreirak bere sormen prozesuari buruzko hitzaldia emango du.


