Xabier Anduagak Anoetan ere abestuko du
Realaren eta Bartzelonaren arteko igandeko partidaren aurretik arituko da Donostiako Orfeoiarekin, besteak beste.
Xabier Anduaga tenore donostiarra. Urrezko Danborra hilaren 20an jasoko du Xabier Anduaga tenore donostiarrak. Aurreko bi egunetan, ordea, kantuan ariko da Groseko gaztea. Iragarri zuen moduan, San Sebastian egunaren bezperan, hilaren 19ko bandera igoeran, San Sebastian martxa abestuko du oholtzan, Donostiako Orfeoiarekin batera. Hilaren 18an, berriz, Anoetan ariko da kantuan.
Realak jakinarazi duenez, igandean txuri-urdinek eta Bartzelona liderrak jokatuko duten partidan, keinu berezia egingo diote San Sebastian egunari. Neurketa hasi aurretik, 300 pertsona baino gehiago aterako dira berdegunera. Anduaga tenorea izango da protagonista, eta harekin batera ariko dira Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Euskal Herriko Gazte Orkestra, Goazen Errealaren eta Txirritako Txuri Urdinaken danborradekin batera. Bi ordu lehenago, aipaturiko danborradek giroa alaituko dute estadioaren inguruan.


