Berpiztearena
Filma: Rondallas
Zuzendaria: Daniel Sanchez Arevalo
Urtea: 2026
Herrialdea: Espainia
Igandeko errutina bete nahi duenaren bulkadaz gerturatu naiz aste honetan zinema aretora, asmo argirik gabe, eta ordutegi goiztiarrean ibiltzen den horrek aurrean aurkitzen duen eskaintza zabal horren baitan egin dut topo Rondallas filmarekin. «Zergatik ez?», galdegin diot neure buruari, baina «zergatik bai?» ere izan zitekeen.
Galiziar kostaldeko marinel herri txiki bat astindu zuen arrantza ontzi baten hondoratze tragikoaren kondarretatik abiatzen da filma. Gertakari lazgarria jazo eta bi urtera, Gran Sol talde folklorikoko kideek berriz elkartzea erabaki dute, ilusioa berreskuratzeko eta dolua gainditzeko asmoz. Bizirik atera ziren bi eskifaia kideak izango dira ekimenaren sustatzaile nagusiak, eta komunitateak, noski, erantzun.
Rondallas Vigoko herri txiki baten historia da, sendatu gabeko zauri konkretu batzuena. Baina kontu unibertsalak dira bertan jorratzen direnak; izan ere, hutsuneez, erruaz eta barkamenaz hitz egiten dute tresna narratibo gisa erabiltzen dituen istorio gurutzatuek, dramatismotik urrun, norbera dagokionean ukituz.
Horien guztien baturaz, feel-good formatua baina atzealde tragiko ukaezina duen film txukuna aurkeztu du Sanchez Arevalok. Hollywoodeko produktu klasiko baten egituraz josia, bai, baina, intimoagoak diren irtenbiderik gabeko kalezuloei, doluari, komunitatearen balioari eta etengabeko krisian dagoen udalerri txiki bati buruzko aferak harilkatzen dituena.
Berezko estiloa bilakatu duen bizipozaren premisaz –minak ez zaitzala geldiarazi– filmatua, zuzendariak azken urteotan aurkeztu duen lanik onena da, AzulOscuroCasiNegro (2006) film generazionala abiapuntu izan zuten hainbat saiakeren ostean, komertzialaren eta tokikoaren ekilibrio justua bilatu baitu azkenean. Zinemagilearen balioa beti egon da eraiki dituen pertsonaietan eta, lehen mailako castinga lagun, pertsonaia adina azpi trama pilatzen dituen Rondallas koralean ere bere talentua azalaraziko du.
Finean, ikustaldi atsegina bermatzen duen lana da, irribarre konplize ugari eta, akaso, baita malkoren bat ere. Bada, ordea, pelikula osoan zehar lagundu eta zapuztu nauen kontu (ez oso) txiki bat: tokikotik eta tokikoaz ari bagara, herri nortasunaz, nola da posible Galiziako kostaldeko herri txiki bateko komunitatea espainolez bizitzen irudikatzea?
