Betiko indarrarekin eta «bukaera sorpresa» batekin datoz Antiguako jaiak
Gaur hasiko dituzte Antiguako San Sebastian jaiak, ohiko legez, txupinazoarekin eta poteo elegante jendetsuarekin. Berritasun batzuekin eta betiko jarduera arrakastatsuekin, auzo guztiarentzako jaiak antolatu dituzte aurten ere.
Maite Arrazola eta Ander Larequi, Antiguako jai batzordeko kideak.Beñat Parra San Sebastian eguna Donostia osoan ospatzen da; segur aski, hirian modu bizienean ospatzen den jaia da. Bada, esan daiteke Antiguan are biziagoa dela ospakizuna, egun batetik harago baitoa: bi asteburutako jaiak antolatzen dituzte horren bueltan. Gaur arratsaldean botako dute txupinazoa eta, poteo elegante arrakastatsuarekin, jaietan murgilduko da auzo osoa, hurrengo igandera arte.
Txupinazoan, auzoko eragile edo pertsonaren bat omentzen dute urtero, eta Txantxarreka gaztetxea omenduko dute aurten, bertan garatzen duten Bazkari Solidarioak egitasmoarengatik. Duela urtebete inguru abiatutako egitasmoa da, hilean behin antolatzen dutena auzoko hainbat kuadrilla, talde edo eragilerekin elkarlanean. Egun horretan, edonor joan daiteke gaztetxera bazkaltzera, borondatearen truke, «bermatzeko mundu guztiak bazkaldu ahal izatea egun horretan, dirua eduki beharrik gabe», antolatzaileek azaldu dutenez. Bazkariaz beraz gain, kontzertuak, jolasak, aurkezpenak eta bestelako jarduerak antolatu ohi dituzte egun horretan, «partekatzeko espazio bat edukitzeko eta aisialdi alternatibo bat eskaintzeko» helburuarekin. Era berean, Kaleko Afari Solidarioak taldearentzat ere kozinatu ohi dute egun horretan gaztetxean. «Ekarpen handia egiten dio horrek auzoari», nabarmendu du jai batzordeko kide Ander Larequik.
Berritasun batzuekin datoz
Funtzionatzen duena aldatu behar ez dela esan ohi da, eta ideia horri eutsi diote Antiguako jaietan, oro har. Hala ere, berritasunak ongietorriak izan ohi dira, eta, hain zuzen ere, jaien amaierarako (hilaren 24 gauerako) prestatu dute aurtengo berritasun nagusia: «Jaien itxiera sorpresa izango da, baina oraindik ezin dugu esan zer izango den. Kuadrillen eguneko gauean izango da eta uste dugu jendeari asko gustatuko zaiola, jende asko mugitzen duen zerbait delako», azaldu du Larequik. Jai batzordekoek ez dute pistarik eman nahi izan, beraz, hurrengo larunbateko gauean Antiguako frontoira gerturatzea da jaien itxiera berezi horren berri izateko modu bakarra.
Antiguak «herri izaera» duela nabarmendu dute jai batzordekoek, eta hori, bereziki, San Sebastian egunean bertan ikusten dela
Bestalde, iaz estreinakoz antolatu zuten jaietako krosa, eta «arrakasta ikusita», aurten ere antolatu dute: «Buff berezi bat egin dugu kroserako, Matia kaleko harri ezagunaren marrazkiarekin, eta parte hartzaile guztiei emango diegu. Oraindik dortsal gutxi batzuk gelditzen dira kroserako, beraz, jendea izena ematera animatzen dugu!», nabarmendu du Larequik. Ajearekin egongo dira antiguatar asko igande goizean, baina Maite Arrazola jai batzordeko kideak argi dauka biharamunari buelta emateko aproposa dela krosa: «Giro polita egoten da, auzotar asko animatzen da ibilbidean zehar, eta erraz egiten da. Gozamena da sortzen den giroa».
Jarduera guztien artean, bestalde, nabarmentzekoak dira Istingorra kalean egingo dituzten bi. Alde batetik, larunbat honetan, auzoko «gazteak» giza proban lehiatuko dira «gaztetxoen» aurka; ikuskizuna ziurtatuta dago. Bestetik, hurrengo larunbatean, Bodegon Fest jaia egingo dute, hurrengo egunean behin betiko agur esango duen Bodegon tabernaren eskutik.
Auzotik eta auzoarentzat
Arrazolak eta Larequik argi dute zer diren auzoko jaiak: «Auzoko eragile askoren laguntza eduki dugu, urteroko legez, jaiak antolatzeko. Izan ere, auzoak egindako jaiak dira, auzoarentzat eta auzoaren laguntzarekin». Horrela, «oso pozik» agertu dira batzordekideak, aurten 18 urte inguruko hainbat gazte sartu direlako jai batzordean, eta horrek adin tarte guztietako auzotarrentzako jarduerak antolatzen lagundu dielako. Ildo horretatik, auzotarren inplikazioa ezinbestekoa dela gehitu du Arrazolak: «Garrantzitsua da auzotar ahalik eta gehienen inplikazioa lortzea, azkenean, zuk zuzenean parte hartzen baduzu egitasmo jakin batean, gehiago zainduko duzu, gehiago saiatuko zara eta, agian, jai batzordean sartu nahiko duzu etorkizunean».
Antiguak «herri izaera» duela nabarmendu dute jai batzordekoek, eta hori, bereziki, San Sebastian egunean bertan ikusten dela dio Arrazolak: «Danborradak daude une oro kalean, eta ikusten da jendea bizirik eta bizitzen; niri herri izaera transmititzen dit horrek». Horrela, auzotarrak zein donostiar guztiak jaietan parte hartzera animatu dituzte: «Jai giro ederra egongo da aurten ere, eta ziur oso ondo pasatuko dutela!».

