Donostiako haurrak danborrak eta upelak astintzeko prest daude
Haur danborrada aurkeztu dute Viktoria Eugenia antzokian, ohiko legez.Beñat Parra Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Parte Zaharreko Plaza Berrian Donostiako bandera igo eta hiria sansebastianetan murgiltzeko. Danbor, upel eta suil hotsak Donostiako txoko gehien-gehienetatik entzungo dira egun horretan, baina, ohiko legez, haurrak aurreratu dira dagoeneko, Viktoria Eugenia antzokian haur danborradaren aurkezpen ekitaldia egin baitute ostiral eguerdian.
San Sebastian eguneko jaiaren eta danborradaren beraren historia kontatzeko antzerki umoretsu batekin hasi dute ekitaldia, Go!azen telesail arrakastatsuko aktoreen eskutik. Ez da danborradaren historian zerikusia duten pertsonaiarik faltatu: Napoleon Bonaparte enperadore frantsesa, soldaduak, Raimundo Sarriegi konposatzailea, Serafin Baroja San Sebastian martxa-ren letraren egilea, sukaldaria, urketariak eta abar. Ederki egin dute barre Napoleonen eta garaiko armada frantsesaren kontura, jaiaren jatorri alai eta zirikatzailea aldarrikatuz.
Aurten 50 urte bete dituen Herri Ametsa ikastolako haur danborradaren gorbata berezia jantzi dio ekitaldiaren azken zatian Ana Lopez Festa Jardueretako zinegotziak, baita Jon Insausti alkateak dominak jantzi ere aurten pertsonaiak gorpuzten dituzten Intxaurrondoko Haur Danborradako kideei.
Azkenik, danborrada bakoitzeko ordezkariak banan-banan igo dira oholtzara, baita pertsonaia guztiak eta Zuhaiztiko dantzariak ere, Argoitz Etxezortu San Jose danbor nagusiaren gidaritzapean San Sebastian martxa elkarrekin jotzeko.
