Ohiturak astindu zituen konpromiso kolektiboaren memoria
Hamar urte bete dira Egian 'Euskaraz Bizi Nahi Dugulako’ egitasmoa gauzatu zutenetik; zortzi astez, auzoko eragileek astebeteko txandetan hartu zuten eguneroko bizitza euskaraz egiteko erronka. Euskaraldiaren aurrekarietako bat izan zen egitasmoa.
Egiako 'Euskaraz Bizi Nahi Dugulako' egitasmoa, 2016an.Egia Euskaraz Lutxo Egiaren Transitoak performancetik hartu zuten ideia, eta esperientzia gisa saldu zuten beraiek; auzoko eragileekin harremanetan jarri, irizpideak ondo prestatu eta mingainak dantzan jarri zituzten, euskararen alde. 2016ko urtarrilaren 8a zen, eta ordura arte oharkabean pasatzen ziren hizkuntza ohiturak zalantzan jartzeko erabakia hartu zuten Egiako auzotar askok.
Hala, Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa jarri zuten martxan, helburu argi batekin: eguneroko bizitza euskaraz egitea, inertziei aurre eginez. Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Aitziber Gurutzeaga antolakuntzan egon zen: «Ondo dago egun zehatzetan euskara lehen planoan jartzea, baina buelta bat eman behar genion horri; ikusten genuen bazegoela euskaraz bizi nahi eta horretarako gogo handia zuen jendea. Hor ikusi genuen zerbait egin beharra zegoela», adierazi du Gurutzeagak.
Ez zen kanpaina huts bat. Ez zen egun bakarreko aldarrikapen bat. Konpromiso ariketa bat izan zen. Zortzi astez, auzoko eragileek astebeteko txandetan hartu zuten erronka lanean, dendan, kalean, tabernan, eskolan eta administrazioan, lehen hitza euskaraz egin eta hizkuntzari eusteko, solaskideak ulertzen zuen bitartean. Lekukoa pasatzen zioten elkarri; koaderno bat. Eta asko ohartu ziren orduan, euskaraz jakin bai, baina ez zutela beti erabiltzen.
Ohiturak astintzea
Parte hartu zutenen testigantzek badute antzeko hari bat: norberaren mugak agerian geratu zirela. Lagun euskaldunekin gaztelerara pasatzeko joera, presaren aitzakia, eraginkortasunaren mitoa edo «bestea deseroso ez jartzeko» beldurra. Esperientziak, ordea, galdera berriak jarri zituen mahai gainean: zergatik aldatzen dugu hizkuntza, besteak euskaraz ulertzen badu? Zer galtzen dugu euskarari eusten diogunean?
Harriduraz hartu zuten batzuek elkarrizketa elebidunak posible zirela ikustea, gazteleraz erantzuten zuenak euskaraz ulertzen zuela edo irribarre batek tentsioa apurtzen zuela. Lehen hitza euskaraz egitea keinu txiki bat zela, baina bere eragina handia zela, oso.
Auzoa sarean
Hasieratik, hemezortzi eragilek egin zuten bat: ikastolak, aisialdi taldeak, kultur elkarteek, kirol taldeek, auzo elkarteak, tabernek eta saltokiek. Horrek auzo osoa inplikatu zuen, eta euskararen erabilera ez zen norbanakoen borondate hutsera mugatu.
Bide horretan, tresna praktikoak ere sortu zituzten; adibidez, euskaraz artatzeko prest zeuden establezimenduen gida, auzotarrei egunerokoan laguntzeko. Osasun zentroan jarritako panel informatiboak ere mugarri izan ziren, herritar askok lehen aldiz jakin baitzuten euskaraz artatua izateko aukera esplizituki adieraz zitekeela.
Egun batetik harago
Martxoaren 12an Plaza Haundin egindako Egia Euskaraz Eguna izan zen prozesuaren une sinbolikoa: bizipenak partekatu, balorazioa egin eta ospatzeko parada. Baina egitasmoaren arrastoa ez zen egun horretan amaitu. Antolatzaileek argi adierazi zuten orduan, eta urteek arrazoia eman diete: egitasmoa ezin da ahaztu.
Hamar urte hauetan, Egian hasitako dinamika eredu bihurtu da; izan ere, Añorgan, Donostiako Piraten artean eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan antzeko ekimenak sortu dituzte. Euskararen erabilera erdigunean jartzeko modu bat, konfrontaziotik urrun eta eguneroko praktikatik hurbil. Gaur egun Euskaraldia denaren aurrekarietako bat izan zen egitasmoa.
Aitortza eta etorkizuna
Eginiko bidearen aitortza gisa, Argia Saria jaso zuen egitasmoak, sustapenaren alorrean. Baina sarietatik harago, balio handiena auzotarren artean gertatutako txip aldaketa izan da: euskaraz egitea posible dela sinistea, eta hori normaltasunez egitea.
Hamar urte igaro dira mingain dantza hartatik. Erronkak hor dira oraindik, inertziak ez dira desagertu, baina Egian badakite zerbait: euskaraz bizitzea ez dela utopia, eta bidea elkarrekin eginez gero, pausoz pauso, errealitate bihurtzen dela.



